kazeta

Bost atxilotu izan dira suprefetura aitzineko ekimenean

Jusqu'au retrait kolektiboak suprefetura blokatzea zuen helburu ostegun goiz honetan eta nahiz eta ateka hetsia aurkitu militante batzuek barnera sartzen lortu dute. Eguerdian aske utzi ditu poliziak atxilotutako bost lagunak.

Hamarka pertsonek elgarretaratzea burutu dute suprefeturaren aitzinean. © Bob EDME
Hamarka pertsonek elgarretaratzea burutu dute suprefeturaren aitzinean. © Bob EDME

Goizeko 9etan zuten hitzordua Baionako herriko etxe aitzinean. Ordu erdi bat berantago, manifestariak suprefeturaren sartzea blokatzera abiatu dira eta ateak hetsirik aurkitu dituzte. Hala ere, haietako bostek barnera sartzen lortu dute. Jusqu’au retrait kolektiboaren ekimen berria izan da ostegun honetakoa, berriz ere, Gobernu frantsesak egin nahi duen lan erreforma salatzeko.

Hesiaren beste aldean ziren militanteek "Lan legea kendu" zioen paper hori bat erakusten zuten. Minutu gutitan, polizia gehiago hurbildu dira eraikin ofizialera eta bortxaz, arrastaka, komisaldegira eraman dituzte sarkinak.

Anartean, kanpokaldean ziren manifestariak ate aitzinean elgarretaratu dira. Beste bost lagunak atxilotu dituztenean, borobilean ibiltzen hasi dira, Pariseko manifestaldiaren ibilbide laburraren parodia egiteko. Goizeko 10.30ak hurbiltzen ari zela, geltokirantz abiatu dira, manifestaldian parte hartzeko.

Atxilotuak aske

Manifestaldia Kontseilu Nagusiko egoitzan bururatu da eta hortik 200 bat pertsona komisaldegira zuzendu dira, goizean atxilotutako bosten sustenguz. "Poliziak komisaldegiko karrika moztu digu eta momentu batez istiluka izan dira", kontatu du Claude Larrieu Jusqu'au retrait kolektiboko kideak. Manifestari batzuk makilekin jo dituela eta negarra eragiteko gasa erabili duela zehaztu.

Eguerdiko ordu bata eta erdi aldera, atxilotutakoak aske gelditu dira. Haatik, itxura guzien arabera atxiloketa bortitza izan da eta militanteek prentsaurreko bat eginen dute gertakariak salatzeko. Bertan, Txetx Etcheverryk kolpeak jasan dituela salatuko dute.