Iurre BIDEGAIN

Isolamenduan segitzen duen Itziar Morenok gose greba abiatu du

Fresneseko kartzela zuzendaritzak lekuz aldatuko dutela jakinarazi dio Itziar Morenori. Mementuko, ez diote data eta lekua zehaztu. Etxeratek bitartean isolamenduan segituko duela jakinarazi du. Egoera salatzeko, Morenok eta kartzela berdinean dagoen Ekhiñe Eizagirrek gose greba abiatu dute maiatzaren 23an.

Itziar Moreno eta Saúl Curtoren senideek elkarretaratzea antolatu zuten Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Itziar Moreno eta Saúl Curtoren senideek elkarretaratzea antolatu zuten Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Itziar Moreno isolamenduan dago maiatzaren 2az geroztik. Fresneseko emazteen moduloko zuzendaritzak kartzelaz aldatuko dutela jakinarazi dio; "noiz eta nora izanen den zehaztu gabe". Erabakiaren eraginez, "isolamendutik atera arte", Itziar Morenok eta Ekhiñe Eizagirrek gose greba abiatu dute maiatzaren 23an. Horrez gain, kartzela berdinean dagoen Iratxe Sorzabal janaria ukatzen hasi da egun berdinean, Etxerateko Muriel Lucantisek azaldu duenez.

"Mobilizazioa ez da leku aldaketaren kontra, baizik eta bitartean Itziar Morenok bakarturik segitzen duelako", esplikatu du. Lucantisek aipatu duenez, Eizagirrek eta Sorzabalek "ez dute onartuko Itziar Moreno isolatua egoterik beste kartzela batean".

Hain zuzen, lekuz aldatuz gero, "beste euskal presoekin batera izatea" eskatzen dute. "Etxeratentzat bakarrik izatea presondegi batean isolamendu mota bat da. Edozein kartzelatan izanik ere, Itziar Moreno isolamendutik ateratzea aldarrikatzen" dutela erantsi du Lucantisek.

Oroitarazi behar da Itziar Morenoren egora salatzek, Fresneseko mutilen moduluan diren Ugaitz Errazkin, Saul Curto, Xabier Goienetxea, Oier Ibarguren eta Enrique Lopezek gose greba abiatu zutela maiatzaren 10ean. Bada hamalau egun mobilizatuak direla. Gisa berean, Osnyko euskal presoek ere protestak antolatu dituzte Morenoren sostenguz.