Kazeta

Lorentxa Guimon preso duten kartzelaraino heldu da aldarria

Lorentxa Guimonen eta eri diren gainerateko euskal presoen askatzea galdegin dute otsailaren 20ean, larunbatez, Rennes-ko kartzela atarian. Orotara, 500 bat pertsona ziren Euskal Herritik eta Bretainiatik.

Bretoineraz, euskaraz eta frantsesez egin da manifestaldi bukaerako hitz hartzea. © Bagoaz
Bretoineraz, euskaraz eta frantsesez egin da manifestaldi bukaerako hitz hartzea. © Bagoaz

Hitzordua 14.00etan jarria bazen ere, ordubete berantago hasi da manifestazioa. Orotara, 500 bat pertsona elkartu dira Bretainiako Rennes hirian, otsailaren 20an. Lorentxa Guimon eta Ibon Fernandez Iradi eri diren presoen askatzea galdegin diote Jean-Jacque Urvoas frantziar Justizia Ministroari. 

Euskal Herritik autobusez abiatu ziren 200 bat pertsonek bretainiarrekin bat egin dute Rennes-ko François Miterrand kaian eta kartzelako bidea hartu dute elgarrekin. “Euskal presoak etxera”, “Valls, Urvoas, Lorentxa askatu” eta “Libération Lorentxa Guimon” oihupean ibili dira, aitzinean banderola nagusia zutela. Lehen lerroetan eragileak : bertako hautetsi sozialistak, Breizhistance, UDB, NPA, LAB, Sud-Solidaires sindikatuetako kideak eta ordezkari kurduak. Bagoaz kolektiboak eta Bretainiako antolakunde zonbaitek antolatu dute ekimena.

Kartzelako harresi ondora heltzean, “Lorentxa, herria zurekin, Bretainia zurekin” oihuak entzun dira. Nahiz eta Estatu frantsesean larrialdi egoera izan, manifestazioa baimenduta zen eta Lorentxa Guimon beste bi euskal herritarrekin preso duten kartzela aitzinean bukatu da. Euskal Herritik abiatu diren lau autobusak (bi Ipar Euskal Herritik eta beste bi Hegoaldetik) goizeko 11.00etan heldu dira Rennesera.

Orotara 40 dira larunbat honetan Euskal Herritik kartzelen bidea hartu duten autobusak. 3.500 pertsona, zehazten dute antolatzaileek. Ezker abertzaleak engaiamenduak “urrats praktikoz osatzeko” beharra ikusten duelako antolatu du ekimen hori.

Abian barne prozesua

Gisa horretan, Abian barne prozesuan sartua dela, euskal presoekiko defendatzen dituen printzipioak aitzinean jarri ditu kartzelen atarian: “Sakabanaketa amaitzeko determinazio erabatekoa. Gaixo diren presoen berehalako etxeratzea exijitzen dugu. Egun indarrean diren salbuespenezko legeak eta Kolektiboaren aurka erabiltzen diren zigor molde guztiak indargabetzea”.

Gainera, euskal preso politikoen ekarpena “ezinbestekotzat” jotzen du gatazkaren zikloari "amaiera eman eta haren ondorioei irtenbide justu eta demokratikoa eman ahal izateko”. Abian prozesuan ere euskal presoen kolektiboaren ekarpena biltzen saiatzeko ahaleginak egiten dituela segurtatu du ezker abertzaleak. Eta hori “azken urteotako ibilbidea aztertzeko, aurrera begiratzeko eta eraberritu beharreko kontu guztiak mahi gainean jartzeko” xedearekin.