Kazeta

Larunbatean, presoen aldeko hamaika mobilizazio murruen bi aldeetan

Larunbat honetan, otsailaren 20ean, euskaldunak preso diren Estatu espainiarreko kartzela bakoitzera karabanak izanen dira. Estatu frantsesean, Renneserako autobus bat antolatua da. Egun bereko, Monsantora (Portugal) joanen den karabana bat ere aurreikusia da.

Otsailaren 20ean, euskal presoen aldeko sustengu keinuak biderkatuko dira. Murruen barnean eta kanpoan, Estatu frantses eta espainoleko kartzelen inguruan mobilizazioak antolatu dituzte. Presoei sustengua erakusteko eta dispertsioa salatzeko, kartzeletaraino iritsiko diren auto karabanak antolatu dituzte. Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kartzela barnean ere mobilizazioak eginen ditu.

Ezker abertzaleak Estatu espainoleko 40 bat kartzeletara iritsiko diren karabanak antolatu ditu. gisa berean, Portugaleko Monsanto kartzelara iritsiko den karabana bat ere aurreikusia da, bertan dagoelako preso Andoni Zengotitabengoa.

Ipar Euskal Herriko Bagoaz kolektiboak Estatu frantseseko Renneseko kartzelera joateko autobus bat antolatu du. Rennesen atxilotua den Lorentxa Guimonen askatzearen eskatzeko deialdi bakarra egin dute Bagoazek eta Bretainiako hainbat eragile zein kolektibok. Hortaz, manifestaldi bat antolatua da Guimon atxilo den gunean.

Ekimen horietaz gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak ere kartzela barnean mobilizatuko dira. Otsailaren 15ean hasi dira protesta ekimenak eramaten, eta iragan astean argitaratutako agiri batean, mobilizazio hauekin otsailaren 20a arte jarraitzea iragarri zuten.

1984tik 1992ra urtero Euskal Herritik Herrera de la Manchako kartzelaraino karabanak antolatzen ziren. Azken martxan, 8.000 bat herritarrek parte hartu zuten, presoei beren sustengua erakusteko. Aurtengo ez bada hainbesteko parte hartzea aurreikusia ere, lehen aldia litzateke egun berean hainbeste kartzeletan mobilizazioak antolatuak direla.