Kazeta

Epaituak izanen diren 35 militanteen aldeko elkarretaratzea Baionan

Azaroaren 23tik goiti, ezker abertzaleko 35 kide epaituko dituzte Audientzia Nazionalean. Horien artean, Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa atzemanen dira. Arlo desberdinetako 22 eragilek auzipetuei sostengua helarazi diete eta babesa irudikatzeko elkarretaratze bat antolatuko dute azaroaren 13an Baionan.

Aurore Martin, Amaia Fontang eta Haizpea Abrisketa Baionako agerraldian. © Isabelle Miquelestorena
Aurore Martin, Amaia Fontang eta Haizpea Abrisketa Baionako agerraldian. © Isabelle Miquelestorena

Epaiketa hasteko 18 eguna falta direnean –urtarrilean hasi behar zuen, baina abokatuen atxiloketengatik atzeratu behar izan zuten–, Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa auziperatuek agerraldia egin dute, eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariez inguratuta.

Naizek argitaratu duen artikuluan azaltzen den bezala, ezker abertzaleko kideen aurkako epaiketa azaroaren 23an hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hura salatzeko, elkarretaratzea deitu dute, hilaren 13an elkarretaratzea egingo dute, 18.30ean, Baionako Herriko Etxearen atarian.

Azaroaren 14 eta 15ean ere mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko hiri, herri eta auzo desberdinetan.

Babesaren garrantzia

Jasotako elkartasuna "oso garrantzitsua" izaten ari dela nabarmendu du Abrisketak eta, bere aldetik, Aurore Martinek azpimarratu du "eragozpenak aukera" bilakatuz epaiketa bake prozesuaren aldeko ekimenak sortzeko baliatu nahi dutela.

Publizitatea

Besteak beste, honako eragileak dira atxikimendua adierazi dutenak: Giza Eskubideen Liga (LDH), Bake Bidea, Anai Artea, Etxerat, NPA, LAB, Euskal Herria Zuzenean, Attac Pays Basque edota Europe Ecologie Les Verts.

Gaurko agerraldian parte hartu duten eragileen izenean, Amaia Fontang eta Christophe Desperez eledunek dei egin diete Paris eta Madrili, «errepresioa eten eta elkarrizketaren bideari heltzeko».