Kazeta

Nafarroak Akitania-Euskadi euroeskualdearen kide izatea eskatuko du

Nafarroako Gobernuak Akitania-Euskadi euroeskualdearen kide izatea eskatu nahi du; hala hitzartu du urriaren 21ean. Europan garrantzia izanen duen lankidetza sortu nahi du. "Garapen amankomuna bultzatuko duten proiektu bateratuak abiatzeko eta lurraldeen arteko kohesioa indartzeko" xedea du.

1992an Nafarroak Akitaniarekin eta EAErekin lankidetza protokolo bat izenpetu zuen. © Argazki Press
1992an Nafarroak Akitaniarekin eta EAErekin lankidetza protokolo bat izenpetu zuen. © Argazki Press

Nafarroak euroeskualdean sartzeko xedez, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Akitaniarekin harremetan jarriko zela iragarri zuen Uxue Barkosek, Nafarroako Gobernuko lehendakaritza hartu bezain laster. Gobernuak asmo berdina hitzartu du urriaren 21ean.

Nafarroako gobernuko bozeramailea den Ana Ollok 1992an Nafarroak Akitaniarekin eta EAErekin lankidetza protokolo bat izenpetu zuela oroitarazi du. Geroztik harremanak ez dira garatu, baina Akitania eta EAEren kasuan aitzinatu ziren, 2011n euroeskualdearen egitura sortu arte. Juridikoki ezagutua den egitura hori Lurraldeen Lankidetzarako Taldekatze Europarra bezala ezagutua da.

Hitzartu duten akordioan, Nafarroa, EAE eta Akitania lurralde auzokideak direla zehaztua da eta horren harira ezaugarri geografikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta linguistikoak partekatzen dituzte. Horrek lurraldeen arteko lankidetza ahalbidetzen dituen interesak sortuko lituzke.

"Lurralde horien garapen adimentsu, iraunkor eta integratzailea sustatzeko", Nafarroako Gobernuari funtsezkoa iruditu zaio "harremanetan aitzinatzea eta lankidetza ekintzak abiatzea".

Lan eremu anitzak

Gaur egun euroeskualdeak arlo anitzetan lankidetza ekintzak burutzen ditu. Besteak beste, komunikazioen hobekuntza, eta berriztagarriak diren energien erabilpena. Halaber, hezkuntzari, laborantzari, elikamoldeari eta osasunari lotutako gaiak elkarrekin lantzen dituzte.

Baliabide turistikoen promozioa eta euskararen eta kulturaren sustapena dira lankidetza honen beste ardatzak. Gainera, Europar Batasuneko garapenaren gakoak ikertzen dituen lanak eta emaitzen bilketak egiten dituzte.