Kazeta

Zigor ziegan dauden bi presoen aldeko izenpetura bilketa

Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria bada hilabete bat baino gehiago Villepente espetxeko zigor ziegan daudela. Beren egoera salatzeko, zuzendariari eta Estatu frantseseko Justizia Ministroari zuzendu gutun bidalketa antolatu dute.

 Bi euskal presoak zigor ziegan dauden azaroaren 18az geroztik. ©www.cartesfrance.fr
Bi euskal presoak zigor ziegan dauden azaroaren 18az geroztik. ©www.cartesfrance.fr

Villepenteko kartzelan dauden Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria "bizi baldintza duinak" aldarrikatu dituzte. Azaroaren 18az geroztik zigor ziegan daude. Zuzendaritzak ziega bera partekatzea agindu die. Bi euskal presoek agindua ukatu eta zigor ziegan sartu dituzte. Beren egoera salatzeko, gutun bidalketa antolatu dute.

Euskal presoen senide batek "berririk ez duela" azaldu du. Astean dei bakarra dute, baina mementoz ez du beraien berririk jaso. "Aldi oro galdegiten diete ziega konpartitu nahi dutenez. Haiek ezezkoa erantzuten diete eta zigor ziegan egoteko epea beste zortzi egunez luzatzen diete", erantsi du.

"Herriaren gutuna" deitu eskutitza Villepenteko kartzelako zuzendariari eta Justizia Ministroa den Jean-Jacques Urvoasi bidaltzeko deia luzatu dute. Senideak azaldu duenez, bi euskal presoek idatzitako testua da. Agirian, "oinarrizko eskubideen errespetua" fermuki eskatu dute.

Halaber, Villepenteko kartzela atxiloaldi prebentiboentzat prestatua dela nabarmendu dute. Ildo horretatik, Uriarte eta Agirregabiriak euskal presoek "urte anitz" bertan pasatzen dituztela salatu dute. "Zelula bakarrean egoteko eskubidea funtsezkoa da atxilotu baten duintasuna ziurtatzeko", erantsi dute.