Kazeta

Bi euskal preso mitardean ziega bera konpartitzea ukatzeagatik

Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria azaroaren 18az geroztik Villepinteko espetxeko zigor ziegan daude. Ziega bera konpartitzea agindu zien zuzendaritzak. Ziega bakar batek bi pertsonentzat dituen mugak direla eta, bi euskal presoek agindua ukatu dute. Beren egoeraren berri eman dute Euskal Herriari zuzendu eskutitz baten bidez.

Bi euskal presoak zigor ziegan dauden azaroaren 18az geroztik. ©www.cartesfrance.fr
Bi euskal presoak zigor ziegan dauden azaroaren 18az geroztik. ©www.cartesfrance.fr

Azaroaren 18an ziega berean instalatzeko agindua jaso zuten Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria euskal presoek. Ziega bakarrean egoteko mugak direla eta, zuzendaritzaren aginduari uko egin zioten. Beren erabakiaren eraginez, zigor ziegan sartu zituztela jakinarazi du Etxerat elkarteak. Senide batek azaldu duenez, bi euskal presoak "moralki ongi" daude. "Borroka honekin segitzeko prest", gehitu du.

Presondegian iragan diren hiru diziplina-komisioetan beren egoera aztertu dute. Guztietan zortzi egunez presoak zigor ziegetan mantentzea erabaki dute. Espetxeak Uriarte eta Agirregabiria ziega bera partekatu behar dutela erabaki du.

Bi euskal presoek beren egoeraren berri eman dute idatzi gutunean. Bertan Villepenteko kartzelaren ezaugarriak bizi baldintzak okertzen dituela deitoratu dute. Bataz beste hogeita bat ordu bederatzi metroko ziega batean pasatzen dituztela azaldu dute. "Urte horietan zehar bizi baldintza duinak izateko ezinbestekoa zaigu ziega indibiduala mantentzea", nabarmendu dute.

Gainera, 1958az geroztik legedi frantsesak ziega indibidualak izateko printzipioa jasotzen duela oroitarazi dute. Orohar "inoiz errespetatua ez dela izan" azpimarratu dute. "Euskal preso politikoek borrokaren bitartez lortu izan dugu eskubide hori", erantsi dute. Diziplina komisioan presoak "zenbaki bihurtu" direla salatu dute: " bat dagoen lekuan bi sartu behar dira, bi dauden lekuan hiru, eta hiru dauden lekuan lau, eta hau ez da gelditzen".

"Kartzeletako pilaketak sor ditzakeen arazoak are tamalgarriagoak egiten dute bizi baldintza, benetako osasunik gabeko egoerak eraginez", azaldu du Etxeratek. Ziegako espazio mugatua kontutan hartuz, elkartearen aburuz, "edozein ekintza egiteko mugikortasun eta baldintza falta ematen dira". "Horrek, aplikatzen zaien kartzela erregimenarengatik ziegan ordu asko pasa behar dituzten presoei kalte egiten die, euskal preso politikoen kasuan bezala", erantsi du.

Eskubide murrizketak

Eskutitzean "egunerokotasuneko bizi baldintzen inguruan tantaka etorri diren eskubide murrizketak" jasan dituztela salatu dute. Horien berri emateko adibideak aipatu dituzte. Alde batetik, osasunari dagokionez "dutxa medikalaren baliogabetzea". "Medikuaren ziurtagiria izateak egunero dutxa hartzea ahalbidetzen zigun, orain astean hiru aldiz hartu dezakegu soilik". Gainera, mediku adituekin harreman zuzena izateko arazo "itzelak" dituztela azaldu dute.

Bestalde, aktibitateei dagokionez, patioko eta kirola egiteko ordutegiak murriztu dizkiete. Horrez gain, instalazio, baliabide eta ikasketa zerbitzuetara heltzeko "hamaika traba" jarriak zaizkie. Azkenik, komunikazioan eta kantina zerbitzuak ere arazoak sortu direla erran dute. "Janariaren kalitate eta kantitate murrizketa" salatu dute, besteak beste.

Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriak Sarek urtarrilaren 14ean antolatu manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. "Kolektiboaren eta euskal jendartearen arteko elkarlana izango da askatasunera eramango gaituen gakoa. Beraz animo! Guztion konpromiso eta borrokaz lortuko dugulako!", gehitu dute.