Iurre BIDEGAIN

Manifestazio bat baino gehiago izanen da larunbatekoa Bagoazentzat

Euskal presoen aldeko aldarrikapenek Baiona eta Bilboko karrikak bete baino lehen, Bagoazek azken xehetasunak eman ditu. Ipar Euskal Herriko 180 hautetsik beren sostengua azaltzeaz gain, EH Baik eta EH Bilduk ere elkartasuna adierazi die antolatzaileei eta urtarrilaren 9an manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Bagoazek egun osorako animazioak prestatuko ditu Chao kaian. ©Bob EDME
Bagoazek egun osorako animazioak prestatuko ditu Chao kaian. ©Bob EDME

Urtarrilaren 9ko manifestazioaren xehetasunak azaldu baino lehen, Bagoazek Bake Bidea, tokiko hautetsi eta sindikatuen desmartxa eskertu du. Hain zuzen ere, urtarrilaren 6an Ipar Euskal Herriko 180 hautetsik mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. Horrez gain, euskal presoen aldeko kolektiboak "manifestazio bat baino gehiago" izango dela azpimarratu du; egun osorako animazioak prestatuko ditu Chao kaian.

"Beste behin ere bake prozesuaren aldeko sostenguren aniztasuna frogatu dute. Dei guziak eskertzen ditugu. Horrek erakutsi du Parisetik errefusatzen dituzten aldarrikapenen aitzinean dagoen tokiko bateraketa", azaldu du Bagoazek.

Kolektiboak Chao kaian instalatuko duen karpa batean izanen dira animazioak. Eguerditik aitzina, Saltoka taldeak mutxikoak animatuko ditu eta haurrentzat ere aktibitateak izanen dira. Gainera, manifestazioa eta gero, Xiberootsek, 2Ziok, Joseba B Lenoirrek kontzertuak eskainiko dituzte gune berean.

Manifestazioa 17.00etan abiatuko da Laugatik. Presoak bisitatzera joaten direnak eramaten dituzten Mirentxin elkarteko autobusek mobilizazioa irekiko dutela esplikatu du. Ondotik "Euskal Presoak Euskal Herrira, Giza Eskubideak, Konponbidea eta Bakea" lema islatuko duen pankartaren gibelean euskal presoen senideak, preso ohiak eta iheslariak agertuko dira. Kolektiboak beste lemak erakutsiko lituzketen pankartarik ez ekartzea eta ekimenaren lema bateratua izatea eskatu du.

Ekimena Chao kaian bukatuko da eta hitza hartzea Bilbokoarekin batera eginen dute. "Entseatuko gara behintzat txalaparta eta bertsolarien lehen partea aldi berean burutzea", gehitu du. Bukatzeko, Xiberoots taldeak Didier Agerrek idatzitako kantua eskainiko du.

EH Bai eta EH Bilduren sostengua

EH Baik eta EH Bilduk larunbateko aldarri eta eskaerekin bat egin dute. Ohar baten bidez, "pertsona guztien eskubide guztiak defendatzearen printzipioa gure egiten dugun heinean", atxikimendua adierazi dute.

Elkarbizitza demokratikoan sakondu nahi bada "herritar guztien eskubideak errespetatzea" ezinbestekoa dela aipatu dute. "Demokraziagatik, bakeagatik, elkarbizitzagatik eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuagatik, hurrengo larunbatean Bilboko eta Baionako kaleetan izango gara EH Bildu eta EH Bai, eta printzipio horietan sinesten duten euskal herritar guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu", aipatu dute.