Iurre BIDEGAIN

"Interes politikoen arauen" gainetik COP 21aren inguruko ekimenak aitzina

Pariseko atentatuen eraginez, Estatu frantseseko larrialdi egoerarengatik, Gobernuak COP 21 gailurrari lotutako "manifestazio eta elkarretaratzeak" debekatzen dituela iragarri zuen. Mantendu beharreko "fokua klima" denez, abenduaren 12 eta 29ko ekintzak eta Munduko Alternatiben Herrixka mantentzea erabaki du Alternatibak.

 "Bakearen ingurumenaren giza katea" prestatuko dute azaroaren 29an Parisen© Alternatiba
"Bakearen ingurumenaren giza katea" prestatuko dute azaroaren 29an Parisen© Alternatiba

Estatu frantsesean plantan dagoen larrialdi egoeraren karietara, Gobernuak COP 21 gailurraren kontra antolatuak ziren mobilizazioak debekatu ditu. Horien artean Alternatibak prestatu duen Munduko Alternatiben Herrixka eta eginen dituen ekintza anitzak, abenduaren 12 eta 29an. Ingurumenaren aldeko taldeak "debekuetaz gain mobilizazioak" mantentzea erabaki du.

"Gaur egungo egoera geopolitikoak zerbait zor dio klimari. Lehen debekuan etxean egoten bagara ez dugu argi erakusten ahal zein den klimaren desafioa eta batez ere egoera larria dela", esplikatu du Alternatibako kidea den Mattin Ihidopek. Horretarako, debekutik hara zerbait antolatzea erabaki dute.

Hain zuzen ere, "bakearen ingurumenaren giza katea" prestatuko dute azaroaren 29an Parisen. Horrez gain, bi astez "bortizkeriarik gabeko ekintzak" mantentzeaz gain, abenduaren 5 eta 6an Montreuilen iraganen den Munduko Alternatiben Herrixka mantenduko dute. "COP 21ean aipatzen denari buruz presio pixka bat sartu nahi dugu eta batez ere gatazka horiekin publikoa sentsibilizatu nahi dugu", gehitu du. Halaber, aitzina eramanen dituzten ekimenekin mugimenduak gaur egun burutu nahi dituen proiektuak salatu nahi ditu: AHTaren ibilbidea eta Nanteseko aireportua, besteak beste.

"Interes politikoen segurtasun arauak"

Ihidopek abenduaren 12ko ekintza eta mobilizazioen "parte bat ilegala izan daitekeela" azaldu du. "Arauak ez mugatzea erabaki dugu nahiz eta egoera zaila izan, pentsatzen dugulako egoera klimatikoak ez duela barkatzen. Ez dugu erraten egoera ez dela larria; larria da eta lanjerosa, baina ingurumenaren egoera ere hala da", nabarmendu du.

Alternatibako kidearen iritziz, "segurtasun arauen aitzakiarekin gauzak debekatzen eta interesa desbideratzen entseatu nahi dute". Hala ere, Ihidopek "aldi berean eguberriko merkatuak edo futbol partidak ahalbidetzen dituztela" oroitarazi du. "Erabaki politikoak dira. Ez da aitzaki horretan sartu behar: errepresioa eta beldurra lortu nahi dute. Gisa horretan hauteskundeetan boz gehiago errekuperatu nahi dituzte", aldarrikatu du.

Oroitarazi behar da, Bizik aulkien bahiketaren desmartxa abiatu zuela otsailean. Baionako HSBC bankuko zortzi aulki bahitu ondoren, bere helburua 196 aulki lortzea zen; hots, COP 21 ekimenean errepresentatuak diren herrialde kopurua. "Denak eskuratu ditugu. Bahitu ditugun aulkiekin trantsizio ekologikoaren inguruko gailur bat egitea pentsatu dugu. Hitzaldi bat egingo dugu gaian adituak direnekin. Normalean Munduko Alternatiben Herrixkan iraganen litzakete", iragarri du Mattin Ihidopek.