Kazeta

Baionako HSBC bankuko hiru aulki bahitu ditu Bizik

Bizik ekintza berri bat burutu du Baionako HSBC bankuan. Banketxeko informatikari ohi baten epaiketaren hasieraren karietara, hiru aulki bahitu dituzte 24 militantek.

Biziko 24 militanteek HSBC bankutik hiru aulki bahitu dituzte.
Biziko 24 militanteek HSBC bankutik hiru aulki bahitu dituzte.

Bizik Hervé Falciani HSBC bankuko informatikari ohiaren epaiketaren hasiera salatu nahi izan du. Horretarako ekintza berri bat burutu du Baionako HSBC egoitzan, azaroaren 2an. Goizeko 10.30ak aldera Biziko 24 militante bankura sartu eta hiru aulki bahitu dituzte. Bizik eguerdian polizia bat mugimenduaren egoitzatik pasa eta aulkiak nun diren galdegin duela azaldu du. Horrek arratsalde honetan lokala miatuko luketela aipatu du.

Oroitarazi behar da, iragan den otsailaren 12an, kolektiboak zergaren kontrako ekintza burutu zuela banku berean. "HSBCk Estatu frantseseko zerga ihesean jokatu duen rola" salatzeko xedez, zortzi aulki bahitu zituen, eta ondotik, ingurumenaren alde lan egiten duten beste elkarteei eman zizkien. Ekintza horren eraginez, mugimenduko zazpi kide komisaldegira deitu zituzten ADN froga egiteko.

Horrez gain, ingurumenaren aldeko justizia lortzeko helburuarekin, Bizik Pariseko BNP Paribas bankuko hamabi aulki bahitu zituen iragan den urriaren 1ean. Militanteek azaldu zutenez, mugimenduaren helburua 196 aulki lortzea da, hots, COP 21 ekimenean ordezkatuak diren herrialde kopurua.