Kazeta

Presoen arloan urratsak egin direla goraipatu du Foro Sozialak

Euskal presoen aferan aitzin urrats garrantzitsuak egin direla uste du Foro Sozialak. Haatik, "oraindik ondorio nabarmenik ez dela lortu" azpimarratu du. Euskal gizartea zein Ipar Euskal Herriko instituzioen papera goraipatu du.

Nekane Alzelai eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak. (@ForoSoziala)
Nekane Alzelai eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak. (@ForoSoziala)

Nekane Alzelai eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko kideek 2017an presoen arloan eginiko "aurrera-pausuei" buruzko irakurketa plazaratu zuten abenduaren 15ean. Beren iritziz, aurrera urrats garrantzitsuak egin dira arlo horretan, "baina onartu beharra dago oraindik ondorio nabarmenik ez dela lortu".

Lorpenei dagokienez, Nafarroako Parlamentua eta Eusko Legebiltzarrak adostu zuten eri diren presoen aldeko mozioa gogora ekarri du instituzioak. Sindikatu guztiek norabide berdinean emandako pausuak garrantzitsuak direla dio. Foro Sozialaren helburua alderdi eta sindikatuen artean konfiantza giroa sortzea zen, haien artean harremanak egon daitezen. Bere erranetan, lorturiko emaitzek norabide egokian aurrera egiten ari direla frogatu dute.

Abenduaren 9an Parisen iragan zen mobilizazioa "mugarri bat" jarri zuela erran du erakundeak. Foro Sozial Iraunkorraren zutabea den faktore bat agerian geratu zela uste du, hots, gizarte zibilaren protagonismoa.

Euskal Elkargoak eta bere lehendakaria den Jean-René Etchegarayk jokatu duen papera nabarmendu du instituzioak. "Justizia Ministerioaren aurrean egin den lan instituzionala lideratu du Etchegarayk, eta gizarte zibilak antolatutako manifestazioaren buruan ere egon zen. Era berean, finkatutako helburua lortze aldera, Eusko Jaurlaritzak Frantziako Ministeriorekin egin dituen interlokuzio lanak aipagarriak dira".

Zazpi euskal presori kendu dieten DPS estatusa eta Mont de Marsaneko kartzelara hurbildu duten lehen euskal presoaren kasuek gauzak aldatu daitezela frogatu dutela erran du. Bide beretik segitu behar dela uste du: "interlokuzioekin, indarrak batuz...".

Estatu espainiarraren jarrera ez dela aldatu deitoratu du Foro Sozial Iraunkorrak. "Sortu den agertokian ulertezina da, alde humanitariotik bada ere, inongo pausurik eman ez izana, adibidez, Ibon Iparragirre larriki gaixo dagoen presoaren kasuan; eta ulertezina da ere presoak Euskal Herrira gerturatu ez izana".