Kazeta

DPS estatusa kendu diete zazpi euskal presori

"Bereziki seinalatua den presoa" (DPS) estatutu egoera kendu diete zazpi euskal presori, Justizia Ministeritzan errezibitua izan zen euskal ordezkaritzak iragarri duenez. Paris eta Euskal Herriaren arteko lan espazioaren "lehen keinu bat" dela dio.

Ibon Fernandez Iradiri DPS estatutua kendu dio justiziak. (Bob EDME / ARGAZKI PRESS)
Ibon Fernandez Iradiri DPS estatutua kendu dio justiziak. (Bob EDME / ARGAZKI PRESS)

Didier Aguerre euskal presoari "Bereziki seinalatua den presoa" (DPS) estatusa kendu diotela iragarri ondoren, beste sei presoren bereizgarria bertan behera utzi dutela azaldu du Justizia Ministeritzak errezibitu zuen euskal ordezkaritzak. Jon Salaberria, Ibon Fernandez Iradi, Itziar Plaza, Jon Bienzobas, Zigor Garro eta Asier Borrerori estatutua kendu diete, hain zuzen.

Euskal ordezkaritza eta Justizia Ministeritzaren artean sortutako lan espazioaren "lehen keinu" bat dela dio Bake Bideak agiri baten bidez. Oroitarazi behar da, DPS estatutua, presoen hurbilketa eta eri zein kondena bukaeran diren euskal presoen askatasuna Paris eta Euskal Herriaren arteko eztabaidetako gaiak direla. Aipaturiko gaiak Bakearen artisauen aldarrikapenen artean agertu dira ere.

"Lehen urrats honen ondotik, presoek, familiek eta gizarteak bere osotasunean aldarrikatzen dituen beste urrats batzuk etor daitezen, abenduaren 9an Parisen izanen den elkarretaratzearen garrantzia azpimarratu nahi du ordezkaritzak".

DPS estatutua dela eta, presoek neurri berezi batzuk bete behar dituzte. Neurri horiek kartzelaren arabera aldatu daitezke. Hala nola, Lannemezaneko presondegian dagoen Didier Aguerre amikuztarra, orain arte, presondegiko barne mugimenduetan lagundua izan behar zen. Gisa berean, kartzelatik kanpo ateratzeko eskolta berezi batekin joan behar zen.

 

Euskal ordezkaritza osatzen duten hautetsi eta eragileak:

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria
Michel Tubiana, Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea
Michel Berhocohirigoin, Bakearen artisaua
Vincent Bru, Pirinio Atlantikoetako diputatua
Anaiz Funosas, Bake Bideako presidentea