Kazeta

Ibon Fernandez Iradik preso segitu beharko du

Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak Ibon Fernandez Iradiren kondena etetea errefuxatu du. Mementoz, erabakiaren arrazoiak ezezagunak dira.

Elkarretaratzea Lasarten, Sarek deituta. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Elkarretaratzea Lasarten, Sarek deituta. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Kasazio Gorteak eskatuta, Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak berriz aztertu du Ibon Fernandez Iradiren kondena. Epaileek kondena eteteko eskaera ezeztatu dute abenduaren 15ean. Bagoazek azaldu duenez, mementoz erabakiaren arrazoiak ezezagunak dira. Kolektiboak "gogorki salatu" du epaileek hartu erabakia.

Epaileek bere kasua aztertu zuten azaroaren 24ean. Orduan, prokuradorea Fernandez Iradi askatzearen kontra agertu zen. Hitz hartzean, "kartzelan behar dituen artak errezibitzen" dituela azaldu zuen.

Ibon Fernandez Iradi 2003az geroztik preso dago. 2013an esklerosiz anizkoitza eritasuna diagnostikatu zioten. Hori dela eta, bere zigorra etetea eskatu zuen urte berean. Euskal presoak hiru osasun ikerketa pasa ditu. Azkenengoak kartzela eta bere eritasuna bateragarriak direla ondorioztatu zuen.

Bagoazek bezala, Sareren aburuz, "onartezina" da epaileek hartu erabakia. Erabakiaren "larritasuna" kontutan hartuz, "urgentziazkoa" iruditu zaio jendartea mobilizatzea. "Salatzen Dut! Salatzen Dugu!" kanpainaren baitan, elkarretaratze bat antolatuko du Lasarten abenduaren 15ean.