Kazeta

Ibon Fernandez Iradi: deliberoa abenduaren 15ean

Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak Ibon Fernandez Iradiren kasua aztertu du azaroaren 24ean. Justiziak euskal presoari buruzko deliberoa abenduaren 15ean azalduko du. Esklerosiz anizkoitza duen presoaren aldeko mobilizazioak biderkatu dira presondegietan.

Ibon Fernandez Iradi eta gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa Baionan. ©Bob EDME
Ibon Fernandez Iradi eta gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa Baionan. ©Bob EDME

Ibon Fernandez Iradik 2013an kondena eteteko eskaria egin zuen. Kasazio Gorteak aginduta, Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak zigorra eteteko eskaera berriz aztertu du azaroaren 24ean. Bagoazek azaldu duenez, epaileek erabakia abenduaren 15ean plazaratuko dute.

Auzia bi ordu eta erdiz luzatu da eta Fernandez Iradik ere bideokonferentzia bidez parte hartu du. Maritxu Paulus Basurco abokatuak azaldu duenez, prokuradorea kondena etetearen kontra agertu da. Azken horren aburuz, "Ibonek behar dituen artak errezibitzen ditu kartzelan". Bagoaz kolektiboaren iritziz, prokuradorea eta Estatuaren jarrera "onartezina" da. "Harrigarria da nola ez duten kontutan hartu nahi Ibonen osasun egoera. Estatu frantsesak ia pausuak eman behar ditu bake prozesuan", azpimarratu.

Bagoazek abenduaren 14ean Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunari buruzko deliberoa azalduko dutela oroitarazi du. "Exijitzen dugu Ibon eta Ionen libratzea, baita eri diren preso guziena, baldintzapeko askatasuna ukaiten ahal duten guziena eta beste guzien hurbilketa", azpimarratu du.

Fernandez Iradi 2003ko abenduaren 7az geroztik preso dago. 2013an esklerosiz anizkoitzaren eritasuna diagnostikatu zioten. Geroztik hiru osasun ikerketa pasa ditu. Azkenengoak kartzela eta bere eritasuna bateragarriak zirela ondorioztatu zuen.

Haatik, iaz, Kasazio Gorteak Fernandez Iradiren kondena bertan behera ez uzteko Parisko Zigor Betearazte Epaitegiak hartu zuen deliberoa bertan behera utzi zuen. Erabakia dela eta, epaitegi berdinak kasua berriz aztertu du gaurkoan.

Presondegietako mobilizazioak

Larriki gaixorik dagoen euskal presoaren aldeko mobilizazioak biderkatu dira azken hilabeteetan. 2.200 bat pertsonek bere askatasuna aldarrikatu zuten Baionako karriketan azaroaren 19an. Gainera, Bagoazek azaldu duenez, kartzeletan ere hainbat ekimen antolatu dituzte.

Moulinseko presondegian azaroaren 14tik 19ra janaria errefusatzeaz gain, gutunak bidali dizkiete hedabide, eragile eta Gobernu frantsesari. Rennesen desmartxa berdina burutu dute. Halaber, Fleuryko kartzelan azaroaren 16az geroztik txandaka baraua egin dute eta patioan afixak jarri dituzte. Fresnesen afixak eman eta gutunak bidaltzeaz gain, azaroaren 18an janaria errefuxiatu zuten.

Meauxn azaroaren 14az geroztik, egunero preso gaixo bati buruzko lanketa egin dute. Ibonen argazkia ziegako atean eman eta azaroaren 18an ere janaria errefusatu zuten. Aleçonen ere ekimen bera burutu zuten. Azkenik, Saint Martin de Rén aste osoan kartzelak banatu janaria errefusatu dute.