Iurre BIDEGAIN

SNCFk Baiona-Donibane Garaziko tren ibilbidea hetsi du "gidariak zigortzeko" xedez

CGT sindikatuak SNCFk tren gidariei egindako "xantaia" salatu du. Bada hilabeteak salatu dutela tren mota batzuk seinalerik gabe gelditzen direla. Enpresak "arazoak ahaztea" proposatu lieke, baina gidariek errefuxatu dutenez "lana kentzea" erabaki luke, sindikatuak azaldu duenez. Horren eraginez, Baiona-Donibane Garazi tren ibilbidea hetsia da "bederen" urtarrilaren 3a arte.

Alain Rousset lehendakariak Baiona-Donibane Garazi tren ibilbidea iragan azaroan estreinatu zuen. ©Isabelle Miquelestorena
Alain Rousset lehendakariak Baiona-Donibane Garazi tren ibilbidea iragan azaroan estreinatu zuen. ©Isabelle Miquelestorena

Bada hilabeteak SNCFko gidariek X73500 tren motak eragiten dituen istripuak salatzen dituztela. "Material horrengatik", trenak lau aldiz seinalerik gabe gelditu dira istripu larriak ondorioztatzeko arriskuarekin. Iragan abenduaren 14an eskualdeko SNCFko zuzendaritza gidariekin bildu da proposamen anitzak egiteko xedez.

Hain zuzen ere, enpresak proposatu liezaieke "arazo guziak ahaztea eta materiala arriskutsua dela erratea gelditzea, eta errefusatzen balute materiala gidatzea edo garraiatzen segitzea beste eskualdeetatik etorritako gidariekin, Baiona-Donibane Garazi arteko tren ibilbidea hestea", azaldu du Julien Delion CGTko kideak.

"Xantaiaren" aitzinean, gidariek beren aldarrikapenekin segitzea erabaki dute. "Mehatxua bururaino eraman ondoren", enpresak Baiona-Donibane Garazi tren ibilbidea hestea erabaki du "bederen" urtarrilaren 3a arte. Azpimarratu behar da ibilbide horretan X73500 tren mota ez dela ibiltzen; "guztiz segurtatua den ibilbidea da", gehitu du.

Peio Dufau sindikalistaren ustez, "harrigarria" da. "Lana kendua zaie ez dutelako isilik gelditu nahi; baina ez dugu amore emanen", aldarrikatu du. Hamar pertsonek lan egiten dute iragan den azaroaren 22tik martxan dagoen zerbitzuan. "Lanik gabe gelditu diren gidari horiek langabezia teknikoan egonen dira. Jakin behar da gidari baten soldata sariei esker emendatzen ahal dela, beraz kasu honetan kalte ekonomikoak eraginen dizkie", esplikatu du Dufauk.

Sindikalistak aipatu duenez, "eskualdeko hauteskundeen eraginez ardura izanen duten hautetsi berriak urtarrila arte ez dira lanean izango". "SNCFk denbora hori baliatu du mehatxua plantan ezartzeko", salatu du. Gidariek "segurtasuna ziurtatzeko" arazoa konpontzea eskatu diote Eskualdeko Kontseiluari.

Akitaniako Kontseiluak tren zerbitzu horren murrizketa "guziz errefusatu" du eta tren mota horren garraioa ziurtatzeko aterabideak atzematea eskatu die SNCF eskualdeko zuzendaritza eta gidariei. Agiri baten bidez, "ibiltarien segurtasuna ziurtatzeko" Alain Rousset eskualdeko lehendakariak Akitania-Poitou-Charenteseko SNCF zuzendaritzarekin harremanetan jarri dela azaldu du.

Salaketa bat ezarria

Berriki, gidariek X73500 tren motak patitu duen laugarren istripua salatu dute. Hain zuzen ere, abenduaren 2an Lescar eta Paueren artean trena hogei bat aldiz seinalerik gabe gelditu litzateke. Julien Delionek kontatu duenez, trenaren "kutsa beltza" ikertu dute eta horri esker seinalerik gabe gelditu zela ziurtatu dute, "gibeletik beste tren batek talka egiteko arriskuarekin".

Gaur egun arte, enpresak egitura defendatu du "kutsadura zehatz batengatik" gertatu dela argudiatuz. Langileek ez dute gertakizunen inguruko zergatien berri ukan eta hainbat greba mugimendu burutu dituzte. Gainera, enpresaren kontrako salaketa bat jartzea erabaki zuten irailaren 21ean.

Heldu den abenduaren 18an trenak gidatzea ukatu zuten hiru gidariak eta sindikatuak prokuradorearekin bilduko dira.