Argitxu DUFAU

SNCF: laugarren aldiz tren bat seinalerik gabe gelditu litzateke

SNCFko gidariek tren batek patitu lukeen istripu berri bat salatu dute. Laugarren aldia litzateke X73500 modeloko tren bat seinalerik gabe gelditzen dela; kasu honetan Lescar-Paue arteko ibilbidean. CGT sindikatuaren iritziz, enpresak "ardurak beregain hartu behar" ditu.

Tren gidarien iritziz X73500 ereduaren materialak arazoak sortzen ditu. ©Bob EDME
Tren gidarien iritziz X73500 ereduaren materialak arazoak sortzen ditu. ©Bob EDME

SNCF enpresako gidariek tren bat berriz seinalerik gabe gelditu dela salatu dute. Abenduaren 2an, 08.00etan, Lescar eta Paueren artean, ibiltariak eramaten zituen X73500 modeloko tren bat hogei bat aldiz seinalerik gabe gelditu litzateke. Horrek erran nahi du seinalerik emititzen ez zuela, beste batek koska egiteko edo burdinbide trebesaguneetan istripuak eragiteko arriskuarekin.

Horren ondorioak izugarri kaltegarriak izaten ahal ziren; eta ez da lehen aldia. Gidariek hiru aldiz gisa horretako istripuak salatu dituzte. Lehena iragan urtarrilaren 11n gertatu zen: tren bat "zazpi aldiz hamaika kilometrotan" seinalerik gabe gelditu zen Bordele eta Baionaren artean. "130 kilometro ordura ibiliz talka egiteko arrisku handia zuen", oroitarazi dute gidariek agiri baten bidez. Halaber, istripua errepikatu zen urriaren 12an Sainte-Pazannen, Nantesetik hurbil.

Hasieratik, gidarien iritziz X73500 ereduaren materialak arazoak sortzen ditu, batez ere beren ustez burdinbideekin ez delako bateragarria eta horrek arazo teknikoak sortzen ahal dituelako. Langile batzuek baldintza "arriskutsu" horietan lan egitea ukatu dute eta ezadostasuna azaltzeko greba mugimenduak burutu dituzte.

Zergatia ezezaguna

CGT sindikatuaren ustez, SNCF enpresak "ardurak beregain hartu behar ditu, seinalerik gabe gelditzen diren istripuak konpontzeko xedez". Oroitarazi behar da enpresak egitura defendatu zuela arazoa "kutsadura zehatz" batengatik gertatu zela argudiatuz.

Geroztik, eragile anitzen arteko mahai-inguruak antolatu dituzte, horien artean Akitania eskualdeko kontseilua edo arazoak sortuko lituzkeen materialaren jabea. Gidariek ez dute gertakizunaren inguruko zergatien berri ukan. Ondorioz, irailaren 21ean CGTko sindikalistek enpresaren kontrako salaketa bat jartzea erabaki zuten.