Kazeta

Emmanuel Macron ez da heldu Biarritzera

Abenduaren 18rako aurreikusia zen Emmanuel Macronen bisita ezeztatua da. Haatik, G7 gailurra prestatzeko bilkura mantentzen da. Horren karietara, LABek, G7 Ez! Euskal Herriko plataformak eta Bizik mobilizaziorako deia egin dute. Hitzordua Biarritzeko Clemenceau plazan emana da, 12:30ean.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea ez da Biarritzera etorriko abenduaren 18an. Zurrumurruak goizean goizetik entzun dira eta azkenean, informazioa baieztatu du Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Jean Yvres Le Drian Europako eta kanpo gaien ministroa eta europar aferez arduratzen den Nathalie Loiseau presente izanen dira.

Macronen bisita bertan behera gelditu da bihar bertan hainbat ministro errezibitu behar dituelako Gobernuan. Hori da behintzat Paristik jakinarazi duten arrazoia. Espero diren 150 enbaxadoreen etorrerari dagokionez, prefekturak honakoa dio: "Gonbidatuak dira, beti".

Mobilizaziorako deia

Abenduaren 14an igorritako oharrean, LABek Ipar Euskal Herriko gainerateko sindikatuei abenduaren 18an greba orokorra egiteko proposamena luzatu ziela jakinarazi zuen. Erantzun eza edo ezetzak jaso zituen. Bere hitzetan "borroken bat egitea" nehoiz baino garrantzitsuagoa den honetan, penagarria da gainerateko sindikatuek desmartxa horrekin bat ez egin izana. Edozein gisaz, sindikatu abertzaleak grebarako deiari eutsi eta egun karrikan diren sektore guziak elkarrekin mobilizatzera deitu ditu.

Preseski, 12.30ean Biarritzeko Clemenceau plazan egin du mobilizaziorako deia G7 Ez! Euskal Herriko plataformak. Duela guti aurkeztua izan den elkarguneak, G7-ak ordezkatzen duen eredua errefusatzeaz gain, aldaketa soziala aldarrikatzen du. Justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri dituen mundu baten alde elkarretaratuko dira Biarritzen. Horien artean izanen da ere Bizi mugimendua.

"Ohiko" segurtasun neurriak

Bitartean, segurtasun neurriei dagokienez, pertsonak zein ondarea babestu eta neurriak ohikoak izanen direla erran du prefeturak. Plan horrek manifestazioak ere aurreikusiko ditu. Hauek ez dira debekatuko, betiere aitzinetik prefeturan jakinarazirik izatekotan, ohartarazi zuen Hervé Jonathan suprefetak.

Poliziak hiri erdigunetik kanpo ibilgailuen lehen filtro bat eginen du eta astearteko goizeko 7etatik landa hiriko erdigunean trafikoa moztuko du, Herriko Etxetik Belleuve Kasinoa hartzen duen perimetro osoan. Eremu hori soilik oinezkoentzat izanen da, Hotel du Palais-etik Ixelles plazaraino. Asteleheneko gauerditik astearte arratseraino ezingo da bertan autoa utzi eta lurrazpiko aparkalekuak hetsiko dituzte, Sainte-Eugenie-koa salbu. Hiriko beste lekuetan autoa urririk uzten ahalko da. 

Erdiguneko denda guziak idekiak izanen dira, soilik oinezkoentzat eskuragarri. Poliziaren kontrolen ondorioz, oinezkoak identifikatuak izaten ahal dira. Herriko Etxean publikoarentzat harrera 3A gunean segurtatuko da, 8.30tatik 12.30tara. Instituzioak 14.30tatik goiti idekiko ditu bere ohiko zerbitzuak.