Iurre BIDEGAIN

Lanpostuak aldarrikatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu Seaskak

Seaskak elkarretaratzeak antolatu ditu maiatzaren 30erako Ipar Euskal Herriko hamarnaka herritan. Ikastolen elkarteak hogeita bost lanpostu aldarrikatzen dituen bitartean, Hezkuntza Ministeritzak soilik 5,5 eman nahi dizkio. Ikastolak mobilizatuko dira asteazkenean 12.00etatik 19.00etara, herriaren arabera.

Seaskak Baionan antolatu zuen manifestazioaren irudia.
Seaskak Baionan antolatu zuen manifestazioaren irudia.

Milaka danborrek Seaskaren eskakizunak Baionan entzunarazi eta aldarrikapen giroan iragan zen Herri Urrats ondotik, bere xedearekin segitzen du elkarteak. Horretarako, Ipar Euskal Herriko hamarnaka herritan mobilizazioak antolatu ditu maiatzaren 30erako. Ikastolen aitzinean, herriko etxeetan, biribilguneetan, zein zerga etxeetan elkartzeko deia luzatu dio euskal gizarteari. Mobilizazioak 12.00 eta 19.00ak artean iraganen dira.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoak aldarrikapenarekin bat egin duela oroitarazi du. Pixkanaka-pixkanaka herriko etxeek elkartasun agiriarekin bat egiten dute. Heldu den ikasturtean errezibituko dituen 230 ikasleei aurre egiteko 25 lanpostu eskatu dizkio Hezkuntza Ministeritzari. Azken berrien arabera, 5,5 lanpostu dira Parisetik jasoko dituenak eta ez 4 Herri Urratsen Pierre Barrière Ikuskariak azaldu zuen bezala.

Iragan osteguneko Ikastolen Kontseiluan, ikastoletako ordezkariek mobilizazioei segida ematea erabaki zuten. "Ikusiz Parisek ez gaituela entzuten, ordezkariek erabaki dute lehen mobilizazio hau antolatzea. Lehen hitzordua da eta aste honetan gauzak mugitzen ez badira beste mobilizazio bat prestatzen ari gara. Informazioa emanen dugu laster", azaldu du.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson senataria eta Vicent Bru diputatuak Seaskaren aldarrikapenak Parisen entzunarazteko borondatea erakutsi zuten Herri Urratseko ekitaldian. "Badakigu bilkura horiek iraganen direla. Espero dugu gauzak mugituko direla aste honetan. Haatik, garrantzitsua iruditzen zaigu presioa ematen segitzea. Oraingoz, badakigu hautetsiak ez direla Hezkuntza Ministroarekin elkartu", erantsi du Gorostiagak.

Gure informazioen arabera, Ipar Euskal Herriko diputatuak Hezkuntza Nazionaleko zerbitzuekin elkartu dira maiatzaren 23an. Vincent Bru, Florence Lasserre, Max Brisson eta Frédérique Espagnacek lanpostuei dagokien afera aipatu zuten. Hautetsiek erreferentzia gisa hartu dute Euskararen Erakunde Publikoak aurreikusi dituen 15 lanpostuak.