Joseba Aurkenerena

Katalina Erauso pastorala. Gure historiako ardi beltza

Idazlea iragan irailaren 10ean "Katalina Erauso" pastorala ikustera hurbildu zen Donibane Garazira. Aurkenerenak Katalina Erauso nor zen oroitarazteaz gain, pastoralaren nondik norakoak zeintzuk diren azaldu du. Idatzian pastorala "izugarri gustatu" zaiola aitortu du. "Lerro hauetatik bihoakie modu batean edo bestean pastoral honetan parte hartu duten guzti-guztiei nire zorionik beroena. Biba pastorala!".

2016an bi pastoralez gozatu ahal izan dugu, Zuberoan atarraztarrek jokatu duten Jean Pitrau lehena eta Baiona aldean loratu eta plazaratu duten Katalina Erauso izenekoa. Lehengo batean Jean Pitrauren pastoralari buruz aritu nintzen eta oraingoan Katalina Erausorenaz arituko natzaizue. Hauxe izan da, gainera, jokatu den lehena, lehenbiziko emanaldia ekainaren 5ean eman baitzuten Baionako Lauga aretoan. Geroztik bi emanaldi gehiago egin dituzte, bigarrena irailaren 4an Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta hirugarrena irailaren 10ean Donibane Garaziko Jai-alai berrituan. Hiruak arrakastatsuak suertatu dira eta jende ainitz erakarri dute. Ni hirugarren emanaldira hurbildu nintzen, hau da, Nafarroa Behereko hiriburuan, irailaren bigarren larunbatean jokatu zuten saiora. Arratseko zazpietan hastekoa zen eta ni sartu nintzenerako jai-alaia aski beteta zegoen, beheko ezker aldean kadira franko hutsik gelditu baziren ere. Erran behar dut bertara hurbildutako gehien-gehienak baxenafarrak zirela.

    Zazpietan, puntu-puntuan, eta pastoral martxaren doinuaz lagundurik, arizaleak jai-alaiko erdigunean kokaturik zeukaten oholtzara igotzen hasi ziren. Oholtzako erridau urdin, zuri eta gorrien gainean ohiko apaingarriak ziren, erdi-erdian eta leku nabarmena hartuz pastoralaren izena, honen ezker-eskuin Donostiako eta Baionako armarriak, euskal ikurrina gainean, ezkerrean Xiberoko bandera eta eskuinean pastoraletan beti jartzen den zurezko deabrüa. Oholtza janzten eta apaintzen zuten oihal zurietan ohiko lili eder koloredunak. Orkestra eskuin aldean ezarrita zeukaten, bigarren oholtza batean kokaturik. Horren gainean hogeita bost bat musikari, denak beltzez jantzita.

    Arizaleak ohiko itzuli geometrikoak egin zituzten oholtza gainean, etengabe txalotzen zuen publikoaren esku-zarten artean. Lehen prediküaren tenorea zen.

1.- Nor zen Katalina Erauso?

    Katalina Donostian sortu zen 1585. urtean  –badira 1592an jaio zela erraten dutenak--  diruz ongi zebilen familia batean. Gurasoak Migel Erauso eta Maria Perez-Galarraga ziren. Osora, bost seme-alaba ekarri zituzten: Migeltxo, Ixabel, Mariana, Jaxinta eta Katalina. Semea soldadu izan zedin bideratu zuten ttiki-ttikitik eta lau ahizpak, berriz, Antigua auzoko moja dominikarren komentuan sartu zituzten. Katalinak orduan lau urte zituen. Ahizpek moja jarraitu zuten hil bitarteko patuari segituz, baina Katalina ez zen bat ere gustura egokitu zitzaion bizimoduarekin eta hainbat liskar piztu ondoren, 1603an beste moja bat astindu zuen eta zigorturik zeukatela, gau batez, bere ganberako leihotik alde egin zuen. Baserritar gizonezko arropaz jantzi eta Gasteizera joan zen Frantzisko Loiola izenaz birbataiaturik. . Garai hartan hamabost urte zituen.

    Urte berean, itsasontzi batean Ameriketara jo zuen, Panama aldera hasieran eta Perura eta Txilera gero. Kontinente berrian soldadu ibili zen eta indioen aurkako borrokaldietan ospetsu egin zen bere ausardiaz eta adoreaz, baina baita bere krudelkeriaz eta odol-zalekeriaz ere. Alferez edo entseinaria izatera iritsi zen.  Izaera liskarti eta borrokazalekoa zenez gero, hamaika kalapitatan sarturik ibili zen. Txilen zegoela, liskar horietako batean Migeltxo anaia hil zuen ezpataz. Bere autobiografian hilketa hau zuritu zuen, gaueko iluntasunetan anaia ez zuela ezagutu idatziz. Justiziari itzuriz, Argentinara jo zuen ondoren, eta Ande mendietan barrena ibili zen. Hortik berriz Perura eta Perutik Boliviara gero. Cuzko hirian, beste liskar horietako batean, soldadu espainiar bat hil zuen ezpataz; bera ere larriki kolpaturik suertatu zen. Apezpikuaren jauregian aterpe eta babesa bilatu zuen. Hilzorian zegoela, emakume zela aitortu zion apezpikuari. Ustekabeko berria laster espainiar inperio osora barreiatu zen.

    Sendatu zelarik komentu batean egon zen eta 1620an Eropara itzuli zen. Espainiako Felipe IV.a erregeak harrera egin zion. Ondoren Erromara jo zuen eta Urbano VIII.a aita sainduarekin mintzatu zen. Harrigarria bada ere, gizon moduan bizitzeko baimena eman zion. 1624an bere autobiografia idatzi eta 1625an argitaratu zuen. Geroxeago, 1630. urtean, Ameriketara itzuli zen eta Mexikoko Veracruz hirian bizi  izan zen, itzain lanetan, eta Antonio Erauso izena erabiliz, 1650ean hil zen arte.

    Hauxe da pertsonaiaren historia eta hauxe da Maite Berrogain  (sortzez Ithurbide) urdiñabertarrak bere pastoralerako süjeta bilakatu duen emakume harrigarria. Hau da, gainera, Maite Berrogainek idatzi duen lehen pastorala. Pastoral honetan bi errejenta aritu dira, biak emakumeak, Pantxika Urruti barkoxtarra eta Maitena Lapeyre mauletarra. Kantuen gidari Sophie Larrandabürü aritu da, jantzi kontuetan Jasone Salaberria, Johañe Etxebest dantza irakasle, Jean Laphitz musikari buru, eta Pierra Rousseu “Latxikana” eta Guillaume Irigoien kantu-egile. Horien guztien inguruan ehun eta berrogeita hamar lagun inguru, arizale eta laguntzaileen artean. Katalina Erausoren bizitza antzezteko lau neska aritu dira süjeta moduan. Haurra zenekoa Alaia Ithurbidek bete du, neskatila zenekoa Laida Abadia Laffitek, gazte zenekoa Miren Elkegaraik eta heldu zenekoa Graxiana Castillonek.


2.- Pastoralaren nondik norakoak

Arizaleak oholtzatik jaitsi zirenean, bi entseinarik lehen prediküari ekin zioten, banan-banan eta txandaka hamar bertset kantatuz. Hona hemen segidan horietako sei: 1.- Agur agur jente hunak / haur gazte eta adineko, / denak pastoralzaleak, / jei hau düzüe gogoko. // 2.- Egünko gai harrigarriak / hürrün eramanen gütü / hamasei-hamazazpigerren / mentean beitzen agitü. // 3.- Istoria da egiazkoa / mündüan da ezagüna / süjetak idatzitakoa / Katalina deitzen dena. // 8.- Aspaldiko ürte haietan / familia sosdünetan / neskak sartzen ziren / ttipitik komentüetan. // 9.- Itsas deia entzün züan / joan zen itsasoz itsaso / bere bizia zen ihesa / hau da Katalina Erauso. // 10.- Goazan denak alkarrekin / Katalinaren ürratsetik / bere bizia tragedia da / jarraik dezagün bidetik.

Horiek bukatu orduko Galtzagorri eta Munterot satanak azaldu ziren. Ohiko dantzen artean sua pizten aritu ziren euren bertset eta barre karkailekin. 11.- Entzün düka berria / agitü dena Gipuzkoan? / Hau da izigarrikoa / eüskaldünen herrian. // 12.- Bazterrak nahas ditzagün / emaztea gizon egin / debrüa sar balekio / haren maleziarekin! // 15.- Gure lagün izan dadin! / Katalina da gerla gosez? / Gü hortan nagusi gira / gerlan bakearen ordez! Hauekin batera, eta lehen aldiz, oholtzako debrüa etengabeki aritu zen dantzan.

Lehen jelkaldian Katalinaren familiaren berri eman ziguten. Bigarrenean süjeta eta bere ahizpak komentuan sartuta zeuden. Mojek diziplina eskatzen zieten eta Katalina ez zen prest horretarako agertzen. Ikus dezagun diziplina eskatzen zien mojari eman zion erantzuna: 24.- (Moja) Gure diziplina düzü / beharko errotik jasan / otoitzean zira ariko / goiz, arrats eta egüerditan. // 25.- (Moja) Ixil-ixilik lan egin / beste seroren sinetsi, / errespetüa zor diezü / lan hanitx jan eta lo güti. / 26.- (Moja) Hamabost ürte dütützü / erabakirik izan da / zük nahi izan ala ez / betiko heben egoitea. // 27.- (Katalina) Hügü dit zure manüa / joanen nüzü hebentik / ez dit maite diziplina / badit nik beste gogorik. // 28.- (Katalina) Züek dena aitzinetik / düzüe erabakirik / bena ene xedea ez da / ibiltea züen bidetik.

Hirugarren jelkaldian Katalinak komentutik ihes egin zuenekoa kontatu ziguten. Süjetak honela kantatu zuen: 37.- Esküetan dütüt haixtürrak / hari, orratz eta giltzak / serora arropa elk eta / nik josiko ditit galtzak. // 38.- Biloak dütüt moztüko / eta galtza lüzeak jauntsi / Holaxe niz gizon üdüri / gaztea, lerden, bühürri. // 39.- Geroa esküetan düt / düdarik gabe joanen niz. / Barnean dütan sükarra / ez zaüt itzaliko berriz. Jelkaldi honen amaieran lehen kanthorea abestu zuten. “Ene aberria askatasuna da” izenekoa. Hitzak Guillaume Irigoienenak eta musika Sophie Larrandabürürena. Hona hemen lehen bertseta eta errepika: 1.- Gibelean daukat zeldaren atea / aintzinean zabal kanpoa, bidea / azkenean jastatzen dut libertatea. // Errep.- Agur egun jaiki berriaren ikara / biharamun baten zorion eta dardara / Muga gainditu dut nadin alegera / ene aberria askatasuna da!

Hurrengo jelkaldietan Katalinaren abenturaz aritu ziren. Jadanik Frantzisko Loiola izena erabiltzen zuen. Bosgarren jelkaldian lehen güdüka gertatu zen marinel espainiarren eta kortsario olandresen artean. Zazpigarren jelkaldian Amerikako indioen dantza zoragarria burutu zuten. Gero bigarren kanthorea: “Amodioa ezinezkoa”. Jelkaldiaren amaieran zamalzain beltza eta zortzi satan aritu ziren dantzan. Azken bertsetan honela erran zuen Gogobeltz satanak: 92.- Katalina edo Frantzisko / ürrüxa ala kotzo / Ifernüko labe beroan / da sü gorritan piztüko!

Bederatzigarren jelkaldian Txilen, espainiar armadan sartu zenekoa azaldu ziguten. Hortxe topatu zen Migeltxo anaiarekin. Hamargarren jelkaldian maputxeen aurkako sarraski eta borrokaldietan ibili zen. Atahualpa buruzagiak honelako azalpena kantatu zuen: 100.- Gü bakean bizi ginen / ürre, zilar harri bitxi / ziren gure ondarea / eta orai hil ala bizi. // 101.- Hürrüneko debrü xuri / züek zidee süzko armekin / gük egürrezko geziak / hiltzeko püzüarekin. // 104.- Zuen istoria düzüe / gure odolez idazten / hizki gorri handietan / gure herria da hilen. Jelkaldian zehar bi güdüka gertatu ziren. Lehenean maputxeek irabazi zuten eta espainiarren entseina hartu. Bigarren güdükan espainiarrek irabazi zuten. Katalinak entseina kendu zien maputxeei. Ekintza hau zela eta, entseinari edo alferez izendatu zuten. 109.- Goresmen handiak zuri / entseinari zira izanen / armadaren bürüzagi / zütügü gaur izendatzen.

Eta bukaeran, orain arte, inongo pastoraletan gertatu ez dena, Katalina , süjeta izanki,  pertsona miresgarriei dagokien ate urdinetik sartu behar zen, eta urdinetik sartu beharrean, gaizkilei dagokien ate gorritik sartu zen. Harrigarria, orain arteko kode guztien aurkakoa, baina Katalinaren jarrera ongi aztertuz gero, biziki irtenbide egokia izan dela iruditzen zait. Ondoren eta jelkaldiaren amaiera gisa, Guillaume Irigoienek euskaratutako “El condor pasa” izeneko kantu ederra abestu zuten. Honela zioen lehen koblan eta errepikan:  1.- Geizatzen tutzu indioen / izaite, kultur, hizkuntza ta lur / kundur, kundur, kundur //  Zapaldurik dauden populuentzat / zu zaude, askatasun ikur / kundur, kundur, kundur // errep.- Zurekin goaz airez aire, biharko gure herrira / guzien erroak hegal, guzien amentsera / kundur, kundur, kundur.

Hamaikagarren jelkaldian, gau batez eta liskar batean, Katalinak Migeltxo anaia ezpataz hil zuen. Bere autobiografian Katalinak kontatu zuenez, iluntasunetan ez omen zuen ezagutu. 117.- Ai, ai, hauxe zori txarra / ustez etsaia hiltzea / eta hortxe düt anaia / gaizki lürrean etzana. Bukaeran, Klaudio Sagarzazuk idatzi eta Guillaume Irigoinek moldatu “Guda zitala” kantua abestu zuten.

Hamahiru jelkaldian, Katalina liskar batean aritu zen espainiar soldadu baten kontra. Ezpataz hil zuen eta Katalina, larriki kolpaturik, apezpikuaren etxean aterpetu zen. Jelkaldi honetan ere, ate gorritik erretiratu zen.

Hamalaugarren jelkaldian, aitormenaren garaia iritsi zen. 147.  eta 148. bertsetetan honela aitortu zion apezpikuari: 147.- Orai dagokit azkenean / egiaren erraitea / ümilki aitortzen deitzüt / sortü nüzü emaztea. // 148.- Denak harritüko dira / beste aitormen bat nüke / komentüan egonik niz / hamabost urteak arte.

Hamaseigarren jelkaldian artzainak artaldearekin oholtzara igor ziren. Katalina Erromarako bidetik barrena zihoan eta ohoinek eraso egin zioten. Orduan, artzainak azaldu ziren Katalinaren laguntzan eta güdüka egin zuten lapurren aurka. Katalinak eta artzainek irabazi ondoren, “Ardi beltxa” kanthorea abestu zuten. Hitzak Maite Berrogain eta Guillaume Irigoienenak dira.  1. kobla: Ahüñe aldean gora bortüak / artzainentzat atalai haütüak / ez dira peko manazaleak / hebenko legeen egileak, / arren ditü hunki jin hobiak / gogor bühürtü zaien ardiak // errep: Ardi beltxik gabe egiazko artalderik ez da / Katalina, Katalina, Katalina / zü zira gure istoriako ardi beltxa. Kanthorea bukatu orduko ohiko taloak jaurti zituzten publikoz beteriko harmailetara.

Hemezortzigarren jelkaldian, Katalina Erroman zegoen Urbano VIII.a aita sainduarekin bilduta. Bere bizierak kontatu zizkion eta aita sainduak, birjina zela egiaztatu ondoren, gizon moduan bizitzeko baimena eman zion. 177.- Hamabost urtez emazte / eta hogeita bostez gizon / hau bada zure haütüa / bake eta mila zorion!

Hemeretzigarren jelkaldian, süjetaren heriotza antzeztu zuten. Katalina haurra, Katalina gaztea eta katalina heldua batera azaldu ziren, besarkaturik, bat eginik. Aingürüek honela kantatu zuten: 181.- Mihi madarikatüek / düe bortizki erraiten / debrüak altxatü züala / betiko desagertü zen. // 182.- Zonbaitek dioe ontzia / berriz hartü züala / Mexikoko bideetan / gaizkiegilek hil züela. Honen segidan, Katalina Erauso irudikatzen zuten hiru neskek “Humantesa” izeneko kanthore ederra abestu zuen. Hirugarren koblan honela erran zuten: Gogoan dut doldadoa, konkistak burtxoratua / indioen odolean alferez bataiatua / ezpatak anaia hilik iheserat behartua / bere itzalean gordez, arima andeatua.

Kantua bukatu orduko Azpeiti eta Azkoitiko Sahatsa dantza taldeko hogeit hamar dantzari inguru oholtzara atera ziren eta  omenezko ezpata-dantza hunkigarria eskaini zioten süjeta hirukoitzari. Dantzariek saioa bukatu bezain laster, hiru Katalinak paradisura sartu ziren erdi aldeko erridau zuritik barrena, zutik zegoen publikoaren esku-zarten artean.

Bukaera gisa, eta ohitura den bezala, bi entseinarik, arizale guztien aitzinean, azken prediküa abestu zuten. 185.- Zure bizia bete da / Katalina tragediaz / eüskaldün famatü batez / aritüko gira lüzaz. // 186.- Gizona izan bazina / denek ohore eta ospe / ezpata erabilzale / gerlari hon eta beste. // 187.- Gero fama hedatü da / libürü, filma, antzerki, / egün eüskaldünen aldi / pastorala zünüan merexi. // 188.- Hogeita batgarren mentean / badütügü eüskaldüntsak / Eüskal Herria batü nahiz / borroka haütatü düenak. // 189.- Horregatik gorazarre / Eüskal Herriko emeazteer / presontegietan direnak / borrokan izan direner.

Ondoren, arizale guztiek Sophie Larrandabürüren zuzendaritzapean, Pierra Rousseu “Latxikana” kantari eta koblakari eskiulatar ospetsuak egindako “Xiberotarren kanthorea” abesteari ekin zioten. 3. kobla: Xibero, Lapurdi eta Gipuzko / hiruak hor pastoralzale / bena ez dügü ez ahatzeko / Xiberoa dela sortzale! / Mente berri bat, imur berri bat / gure bideetan gidazale / anaitarzünean bizitzeko / izan gitean eüskalzale!

Gero gerokoak, oholtza gaineko ohiko dantzak: muñeinak eta aintzina pika, eta jai-alaitik kanpo aldean ikastolak prestaturiko ogitarteko eta edariak. Jendea ostatura hurbildu zen gose eta egarri. Bitartean musikari batzuk dantza-jauziak jotzen hasi ziren. Laster jende andana dantzatzeari lotu zitzaion. Nik, bitartean, lagunak agurtzeko eta solasean egiteko abagunea izan nuen.  Jadanik, gaueko hamabiak ziren eta nik,  gogoaren aurka izanki ere, autoan sartu eta Urruñaranzko itzulbideari ekin nion.


3.- Pastoralari buruzko nire iritzia


    Ikusi aurretik entzunak nituen pastoral honi buruzko aldeko iritziak. Hainbat adituri entzuna nien biziki ona zela, onenetakoa agian. Gidoia, egitura, kantuak, dantzak, süjetaren tratamendu berria… goraipatzen zituzten. Beraz, pastorala ikustera joan aitzinetik, aitortu beharra daukat nire baitan aldeko aurreiritzia egina nuela. Ikusi eta egiaztatu bat izan zen.

    Baina oro ez da urre mundu honetan, eta aurkako zenbait iritzi ere entzunak nituela erran beharra daukat, batez ere, süjetaren desegokitasunaz.
Pastoraletan süjeta sona handiko pertsonaia izan da beti, garaiko balore eta doaietan sustraitua, Jakin badakigu, garai zaharretako süjeten artean Katalina Erauso baino hiltzaile eta gaizkile handiagoak izan zirela, Napoleon eta Xarloman, adibidez, baina garaiko gizartean ez zituzten horrela ikusten, miresmenaz baizik.  Ez da holakoa izan Katalina Erausoren kasua, betidanik jakin izan baitugu liskarti eta aldarte txarrekoa izan zela, eta gainera, Amerikako indioak sarraskitzen ibili zela.

    Alde horretatik begiratuta, Katalinak ez zituen pastoral bateko süjeta izateko orain arte erabili izan ziren baldintzak betetzen; baina, Maite Berrogainek, hori guztia jakinda, moja-entseinaria süjeta izateko hautatu zuen, eta nire ustez, trataera ezin hobeaz, jorratu du Katalina Erausoren inguruko trajeria.

    Ez du saindutzat hartu, inolaz ere, baina bai gure historian toki berezia bete duen emakumetzat. Eta horretan ez zaio arrazoirik falta izan. Gustatu ala ez, Katalina Erausok euskaldunen historian ongi finkaturik baitago.

    Inork ez daki, teoriak badiren arren, zer zen Katalinaren bihotza horrela pozoitzen zuena eta zerk bultzatu zuen bere emakumetasuna ukatzeko eta gizon moduan ibiltzeko. Berak ere, ziur aski, ez zekien ongi zergatik. Baina horrela egin zuen eta garaiko gizon soldadu anker, odolzale eta gupidagabeen  papera jokatu;  Katalina ez baitzen horretan berezia izan, orduko soldaduen jarrera nagusia bereganatu hartu zuen, besterik ez.

    Migeltxo anaia nahita hil ote zuen ala ez, ez dugu nehoiz jakinen. Berak bere autobiografian idatzi zuenez, gaueko iluntasunetan ez omen zuen ezagutu. Auskalo!
    Bederatzigarren jelkaldian, maputxeen aurkako triskantzetan ibili zela aipatzen delarik, pastoral-egileak Atahualpa indio buruzagiaren hitzen zuzentasuna garbi uzten du eta publikoak horrela ulertu zuen, txaloaldi bero batez hartu baitzuten; eta Katalina, süjeta izanki, gaizkileei dagokien oihal gorriko atetik sartu zen. Orain arte, inongo pastoraletan ikusi ez dena. Publikoak normaltasun osoz hartu zuen. Agian, gehien-gehienak baxenafarrak zirenez, pastoralaren kodeak ez zituztelako ongi ezagutzen, baliteke. Alde horretatik pena da Zuberoan jokatu ez izana.

    Hamahirugarren jelkaldian gauza bera gertatu zen. Katalinak liskar batean soldadu espainiar bat kalitu zuen eta bera, larriki kolpaturik, apezpikuaren jauregian aterpetu zen. Berriz ere, ate gorritik sartu zen.
Hamaseigarren jeladiaren bukaeran, Maite Berrogainek Guillaume Irigoienekin batera egindako “Ardi beltxa” kantua abestu zuten. Kanthore horretan garbi gelditu zen, berriz ere, Katalina ez zela saindu bat izan.

    Hemeretzigarren jelkaldian, berriz, Katalina hiltzen denean, Maite Berrogainek ongi erakutsi zuen Katalina Erausok, bere bitasun horretan, bazuela alde gizatiar bat, eta ikus-entzuleek ongi ulertu zuten, esku-zarta handiez lagundu baitzuten Katalina paradisua irudikatzen duen ate zuritik sartzen. Beraz, Maite Berrogainek ongi gainditu du Katalina Erauso bezalako pertsonaia eztabaidagarri bat süjetarako hautatzean bere gain hartu zuen erronka. Bide berria erakutsi du süjetaren hautatzerako.

Aipatu beharra dago Maite Berrogain dugula hirugarren emakume pastoral-egilea. Lehena Itxaro Borda dugu, 2014an Baionan jokatu zen “Gerezien denbora” pastoral entzutetsuarekin. Bigarrena Annick Renaud-Coulon, 2015ean Irurik eta Zalgizek jokatu zuten “Pierra Lhande”  eztabaidatsuarekin. Honek pastorala frantsesez idatzi zuen eta hainbat eskuk euskaratu eta moldatu zioten. Eta hirugarrena, arestian erran bezala, Maite Berrogain dugu “Katalina Erauso” pastoralarekin.

Pastoral-egile gehien-gehienak gizonezkoak izan dira eta gaur egun ere gehienak gizonak ditugu. Dena den, badira Zuberoan emakume adoretsuak, euskaraz alfabetatuak direnak eta etorkizun hurbilean pastoral berriak idatziko dituztenak.

Buka dezadan artikulu hau Katalina Erausori buruzko pastorala izugarri gustatu zaidala aitortuz. Lerro hauetatik bihoakie modu batean edo bestean pastoral honetan parte hartu duten guzti-guztiei nire zorionik beroena. Biba pastorala!

Recherche