Joseba Aurkenerena

Hipolito Irigoien, iraultzaile eta lehendakari

Idazleak beste behin ere garrantzia handiko pertsonaia baten bizia oroitarazi du. Kasu honetan, Hipolito Irigoienen biziaz hausnartu du. Burutu zituen ikasketak aipatzeaz gain, Argentinan lehendakari bilakatu zen garaiaz hitz egin du.

Martin Irigoien Dodegaraik XIX. mendean euskaldun ainitzek egiten zuten bidaiari ekin zion eta Iparraldetik Argentinara joan zen bizimodu hobe baten bila. Nongoa zen? Zein herritakoa? Zoritxarrez, ezin izan dut deus topatu mutil haren sorterria zehaztu ahal izateko. Pobrea zen eta analfabetoa. Argentinan Marcelina Alem izeneko neskarekin ezkondu zen. Buenos Aireseko Balvanera auzoan bizi izan ziren eta bertan jaio ziren beraien seme-alabak, horien artean Hipolito Irigoien Alem, artikulu honen protagonista, 1852. urtean sortu zena. Urte berean izan zen Caseros-eko borrokaldia, non euskal odoleko Justo Jose Urikizaren tropek Juan Manuel de Rosas lehendakariaren armada garaitu zuten.

1.- Haur eta gazte garaiak

    Leandro Alem Hipolitoren osaba gazteena zen, bien artean hamar urte baizik ez baitziren. Hori dela eta, bien artean biziki lotura estuak izan ziren beti. Alemdarrak Rosasen aldekoak ziren, eta hamar urte beranduago, hau da, 1861ean, Leandro gerlara abiatu zen. Pavon-eko borrokaldian galtzaile atera ziren. Urte hartan, Hipolito, Roke anaiarekin batera, euskaldunen seme asko hartzen zituen San Jose eskolan sartu zen. Bigarren mailako ikasketak, berriz, Hego Amerikako Eskolan burutu zituen. Bere osaba Leandro filosofia irakaslea zen aipatu eskolan. Argentinak, Uruguaik eta Brasilek, muga kontuak zirela eta, Paraguairen aurkako gerla aldarrikatu zutenean, Leandro Paraguai aldera abiatu zen borrokatzera.
Urte horietan, osaba eta babesle zena faltatzean, ikasketak utzi eta lanean aritu behar izan zen. Osaba gerlatik itzuli zelarik, bere ikasketak bukatu ahal izan zituen

    1872an, hogei urte zituela,  Balvanera auzoko polizia komisarioa izendatu zuten. Geroxeago, abokatu ikasketak egin zituen, baina inoiz ez zen lanbide horretan aritu. 1874an Mitre jeneralaren altxamenduan parte hartu zuen eta hori dela eta, komisario postua galdu zuen. Irakasle aritu zen ondoren, eta Balvanerako Eskola Kontseiluko burua izatera iritsi. Politikara itzulirik, 1878tik 1882ra diputatu izan zen Argentinako parlamentuan. 1890ean eta 1893an izan ziren iraultza erradikaletan parte hartu eta gobernu kontserbadorearen aurka borrokatu zen. Iraultza horietan zortzi mila gizon zituen tropa finantzatu eta gidatu zuen. Matxinada horiek galtzean, preso hartu eta Montevideora igorri zuten. Argentinara itzultzean, Batasun Zibikoa izeneko alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, bere osaba Leandrorekin batera. Geroxeago alderdi hori bi adarretan banatu zen, eta osaba eta iloba ere, aldendu ziren. Leandro Batasun Zibiko Erradikala izenekoan geratu zen eta Hipolito Batasun Zibiko Nazionalean.

2.- Argentinako lehendakaritzan

    1916an, bere alderdiaren buru zela, hauteskundeak irabazi zituen eta Argentinako lehendakari bilakatu. Bera izan zen Argentinan herri xehetik sortutako lehen lehendakaria. Berehala erreforma soziala antolatzeari ekin zion. Lehen Mundu Gerlan ez zen inoren alde lerratu eta honek abantaila handiak ekarri zizkion argentinar ekonomiari. Herriaren alde egin zuen arren, bere adindupean poliziak egindako sarraski handiak izan ziren. Inoiz ez da jakin Irigoienek horren berri izan zuen edota esku artetik joan zitzaion. Gauza da, inoiz ez zituela hilketa horiek ikertu. Irigoienen agindupean Argentinak historian ukan duen egoera ekonomiko onenetako bat ezagutu zuen. 1922an bere lehen legealdi bukatu zuen eta lehendakaritza utzi bere alderdikoen esku.

Hurrengo urteetan alderdia bitan banatu zen, eta 1928an, Batasun Zibiko Erradikala izena zuen alderdi berriaren buru zela, lehendakaritzara iritsi zen, berriz ere. Herri xehearen alde egin nahian, petrolioa nazionalizatzen ahalegindu zen, eta lortzeko zorian zegoela, 1930ean, petrolioko jauntxoek bultzaturiko estatu kolpea izan zen. Matxinatuen buru, euskal odoleko Jose Felix Uriburu izenekoa agertu zen.


3.- Irigoienen azken urteak

    Uribururen estatu kolpe kontserbadorea garaile ateratzean, Hipolito Irigoien preso hartu eta Martin Garcia uhartean atxilo izan zuten. Bertan egon zen bi urte luzez, beste hainbat preso politikorekin batera. 1932ko urtarrilean gobernu eskuindarrak indultatu zuen eta horrela, otsailean Buenos Airesera itzuli ahal izan zen. Ordurako laurogei urte zituen. Urte bereko abenduan, militar erradikalen konspirazio bat piztu zen. Irigoienek parte hartu ez zuen arren, gobernuak berriz atxilotu eta Martin Garcia igorri zuen. Biziki gaixo zela eta, hilabete baten buruan, Buenos Airesera itzultzeko baimena eman zioten. Orduz geroztik, eri egon zen hiriburuko bere etxean.

    1933ko uztailaren 3an, hil zen Buenos Aireseko bere etxean. Hori jakitean milaka pertsona bildu ziren etxe aurrean, herritarrek hilkutxa hartu eta, manifestazio erraldoi baten bidez, Recoletako hilerrira eraman zuten.

    1946an, Uribururen agindupean, Irigoienen aurkako estatu kolpean parte hartu zuen Juan Domingo Perón eskuindar populista, hauteskundeak irabazi eta lehendakaritzara iritsi zen. Behin, norbaitek Irigoinez galdetu ziola eta, publikoki honela esan zuen: “Gogoan dut Hipolito Irigoien izan zela Argentinako herria defendatu zuen lehen lehendakaria, oligarkiaren aurka borrokatu zen lehena. Gezurren bidez bere izena lohitu eta lehendakaritzatik bota zuten. Ni garai hartan gaztea nintzen eta Irigoienen aurka nengoen, inork ez baininduen inoiz egiaz ohartu.”


-------------------------

    Hauxe duzu irakurle, Ameriketako historia garaikidean eragile handia izan den euskaldun ugari horietako baten bizitza.

Recherche