Goizeder Taberna

Barthélémy Aguerreri aurre egiteko hainbat zerrenda Donapaleun

Charles Massondok abertzaleei eskua luzatu die Jean-Jacques Loustaudaudinen ordezkoa garaitzeko. Alta, Extebe Irolak gidatzen duen taldea Donapaleurako haien proiektua defendatzeko ari da prestatzen.

Hogeita hamar urte baino gehiagoan Lüküze-Altzümartako auzapez den Barthélémy Aguerrek Donapaleuko agintea hartu nahi du. © Bob EDME
Hogeita hamar urte baino gehiagoan Lüküze-Altzümartako auzapez den Barthélémy Aguerrek Donapaleuko agintea hartu nahi du. © Bob EDME

Barthélémy Aguerre joan den udaberrian hurbildu zitzaion Charles Massondori, baina honek ez zuen zalantzarik izan. 2020ko martxoan izanen diren hauteskundeei begira, Donapaleun parean kokatuz presentatzea deliberatu zuen. Konbentziturik da oposizioko sentsibilitate ezberdinen arteko metaketa emankorra izaten ahal dela. Bakoitza bere aldetik edo elkarrekin, denak Barthélémy Aguerreri irabazteko presentatzen dira.

Abertzaleek beren aldetik presentatuko direla segurtatu dute. "Proiektu bat aurkeztu eta Aguerre geldiarazi nahi dugu", erran du Extebe Irola oposizioko kide eta 2014an Donapaleu Berriaren zerrendaburuak. Charles Massondoren aldetik hurbiltze saiakera bat izan ondotik, bere taldea proposamena aztertzen ari dela azaltzera mugatu da. Hala ere, boz horietan eragiteko asmoa duela gehitu du.

"Galdera hauxe da: kontaketa egiteko edo irabazteko aurkeztuko gara?", galdetu du oposizioko hautetsi ere baden Charles Massondok. Matematikoki pario hori ez litzateke erokeria bat. 2014an bere zerrendak 335 boz lortu zituen (bozka guzien %35,98), Donapaleu Berriak 132 (%14,18). Loustaudaudinek botoen %49,84 eskuratu zuen.

Politikoki orekak xerkatzea litzateke afera, bai programarekin bai zerrendarekin. Fronte bateratua gauzatuko balitz, Massondok dio ekimena hartzeko prest legokeela. Joan den udaberrian, bere taldeko hautetsi den eta azken hauteskunde legegileetan Loïc Corrégen - Donapaleun emaitza onak izan zituenaren- ordezko gisa aurkeztu zen Olivier Darrieux-Jusonek (LREM) bere zerrenda propioa osatzeko nahikeria azaldu zuen. Egun, erabakirik ez duela hartu erran du eta Massondoren gibelean joateko prest egoten ahal dela diote iturri batzuk. Fronte bateratu batera heldu aitzin, mundu guzia kontent utzi beharko du.

Oposizioko indarrek esperientzia eta itzal handiko aurkaria izanen dute aitzinean. Barthélémy Aguerren hautagaitza 80 urterekin erretiroa hartzear den Jean-Jacques Loustaudaudinen gehiengoaren segida da. Bere taldea bildu du jadaneko, bederatzina emazte eta gizonekin. Egungo gehiengoko bederatzi eta beste hainbeste berri. Hauteskundeak irabaziz gero tokiko hedabide batek bere axuantak izanen direnen izen posibleez emandako informazioa ukatu du egun Lüküze-Altzümartako auzapeza den zerrendaburuak. "Zerrendan hautagaien ordena ere ez da finkatua", adierazi du.

Lur salmenta

Bere hautagaitzak Jean-Jacques Loustaudaudine egungo auzapezaren nahiak asetzen ditu eta azken honek laguntza eskaini dio. Donapaleun zituen lurrak laborari bati saldu ondotik, Barthélémy Aguerrek herrian jabetza bat behar zuen presentatu ahal izateko. Horregatik Loustaudaudinek lur zati bat saldu zion joan den uztailean. "Honek frogatzen du nire hautagaitza ez dudala lehendik prestatu izan", dio Aguerrek.

Hau ez da Amikuzeko jaunttoaren lehen esperientzia politikoa. 21 urtetatik Lüküze-Altzümartako auzapez hautaturik - orduan Frantziar Estatuko gazteena -, Barthélémy Aguerre Pirinio Atlantikoetan Forces 64ko kontseilari nagusia izan da hogei urte baino gehiagotan. Eskualdean 2015etik Modem taldean eta Jean Lasalle diputatuarekiko leial jokatu du ordezko gisa, UDIko karta hartu ondotik. Lur Berri kooperatibako buru izandakoa "Spanghero" sozietateko presidente gisa zaldi haragiaren aferagatik kanporatua izan zen eta egun Jean Lasallen kolaboratzaile parlamentarioa da.