Kazeta

Estatu espainiarreko krisia hauteskunde deialdi berriaren muinean

Hilabeteetan zehar jarduneko presidentea den Pedro Sanchez (PSOE) ez da gai izan gobernu bat osatzeko, edo ez du nahi izan. Laugarrenez lau urtetan eta azken hauteskundeak egin zirenetik urte erdi ingurura eginen dira bozak Estatu espainiarrean eta ondorioz, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian. Hitzordua azaroaren 10ean emana da.

Kataluniarekiko gatazka politikoa erabakigarria da Estatu espainiarreko gobernu osaketan.
Kataluniarekiko gatazka politikoa erabakigarria da Estatu espainiarreko gobernu osaketan.

Espainiar estatuan eta beraz, Hego Euskal Herrian hauteskundeak errepikatu eginen dira azaroaren 10ean, azkenekoz joan den apirilaren 28an iragan baziren ere. Hilabete hauetan Pedro Sanchez (PSOE) jarduneko presidentea ez da gauza izan gobernua osatzeko, edo ez du nahi izan, kalkulu politikoak eta estatu arrazoiak tarteko. Kontuak kontu, 2015etik laugarren aldiz eginen dira kongresurako hauteskundeak, estatu horretako krisi politikoa islatuz.

Espainiar konstituzioaren arabera, inbestiduratik bi hilabetera hautagai bakar batek ere ez badu kongresuaren babesik lortzen, Espainiako erregeak kongresua eta senatua disolbatu behar ditu, hauteskundeak berriz deitzearekin batera. Nahiz eta hauteskundeetarako deirik ez egin, bart, irailaren 17an Felipe De Borbon herrialde horretako erregeak eta estatuburuak ez zion hautagairik proposatu Meritxell Batet kongresuko presidenteari. Bi hilabeteko epea irailaren 23an beteko da, joan den uztailean Pedro Sanchezek ez baitzuen kongresuaren aski babesik lortu.   

Krisi politikoa ororen gainetik

Pedro Sanchez bera mintzatu zen prentsaurreko batean, “herrialdea hauteskundeetara joatera beharturik” dela erranez. Bere hitzetan, izandako elkarrizketen ondotik, kongresuan ez da gobernu bat osatzeko aski gehiengorik eta “bi indar kontserbadore eta ezkerreko bati” egotzi zien gobernuaren osaketa eza.

Alta, nahi izango balu, eskuineko blokeari (PP, Ciudadanos, Vox) ateak hetsiz gehiengo baten babesa izan zezakeen, baina begien bistakoa da babes hori artikulatzeak ondorio zuzenak lituzkeela Espainiar estatuaren krisiaren funtsezko gaietan. Horien artean nagusia lurraldetasunaren auzia da, bereziki Kataluniarekiko gatazka politikoari loturik, are, gutti barru independentista katalanen kontrako prozesuaren epaia jakingo denean. Ikusgai dago sententzia hori azaroaren 10a baino lehen edo ondotik ematen duten auzitegiek.

Iragarri diren hauteskundeei begira, Sanchezek Espainiar estatua “behingoz” egonkortasun bidean sartzeko parioa egin badu ere, frankismoaren ondotik adostu zuten sistema politikoak bizi duen krisi territoriala, ekonomikoa eta politikoa ez dirudi epe laburrean gaindituko denik. Gainera, azken garaian gibelaldi ekonomiko berri baten arriskua aipatua izan da. Badirudi, desafio horiei aurre egiteko hauteskundeetarako deialdi berriarekin Sanchezek eta estatuaren zutabe diren sektoreek indar harreman berria nahi dutela.

Otegi: “Estatu autoritarioago baterantz”

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorrak iragarpena “katastrofe” gisa izendatu du eta ohartarazi duenez, gobernuaren osaketa estatu itunen ikuspegitik egiten entseatuko dira. Ondoko asteetan Kataluniako independentisten kontrako auzia ebatziko dela ekarri du gogora eta baita Espainiar estatuak Katalunia eta Euskal Herriari begira jarrera aski gogorra izanen duela ere. Hori dela eta, indar soberanista guziek autodeterminazioa eta preso politikoen askatasuna ardatz dituen programa bat adosteko deia luzatu du.

Andoni Ortuzar EAJ alderdiko presidenteak berriz, “sekulako porrot politiko orokortzat” hartu du egoera eta Pedro Sanchez eta Podemos alderdiko Pablo Iglesias jo ditu erruduntzat. “Egoera hau heldutasun politiko ezaren ondorio da” erran du. Javier Esparza UPNko presidenteak azaroaren 10ean “irabaztera” aterako direla iragarri du, eskuineko indarrentzat gehiengo bat osatzeko ideki den aukera berriari erreferentzia eginez.