Kazeta

Mugaz gaindiko bizikletaren besta eginen da Irunen

Ederbidea izeneko kooperazio europarreko proiektuaren baitan, heldu den irailaren 22an bizikletaren besta iraganen da Irunen antolatuko duten bizikleten herrixkan.

Ederbidea proiektuak bizikletaren erabilera sustatu nahi du. © Guillaume FAUVEAU
Ederbidea proiektuak bizikletaren erabilera sustatu nahi du. © Guillaume FAUVEAU

Mugaz gaindiko bizikletaren bestaren xedea da garraiobide honen praktika sustatzea. Ekimen ezberdinak hartuko dituen eguna irailaren 22an igandearekin eginen da Irunen eta Txingudi badian, Ederbidea europar kooperazio egitasmoaren barnean.

Irungo San Martzialeko bigarren batailaren bi mendeurrenen plazan (Pausun) "bizikleten herrixka" bat instalatuko dute, aktibitate ainitz izanen direlarik. Goizeko 10.00etan Beratik Irunera bitarteko martxa zikloturista eginen da, Bidasoako bide berdetik barna. Ibilaldian parte hartzea urririk bada ere, irailaren 18 aitzin izena eman behar da.

Bizikleten herrixkak eguerditan idekiko ditu ateak eta arratsaldeko bostak arte konponketa tailerra, bizikleta eskola, urririk erabili ahal izateko bizikleta zerbitzua, talo ikastaroa haurrentzat edota musika animazioak. Mugaz gaindiko ibilbidea egiteko bizikletak eskura izanen dira ere, baina erreserba eginik.

Ederbidea proiektuak 9,4 milioi euroko aurrekontu orokorra du, Europar Batasunaren babesarekin. Proiektu honen partaide dira Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Diputazioa, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo herriko etxeak edota Aturri-Euskal Herriko mugikortasun sindikatua, besteren artean.