Kazeta

G7 gailur denboran atxiloturiko dozena bat lagun ostiralean epaituko dituzte

Irailaren 20an, arratsaldez Baionako auzitegian iraganen da G7 gailurraren kontrako ekimenetan atxiloturiko dozena bat lagunen kontrako auzia. Aman Komunak sareak bazkari bat antolatu du auzitegiaren aitzinean.

G7 Ez plataformak atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin zituen agorrilaren 28an. @ G7ezplataforma
G7 Ez plataformak atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin zituen agorrilaren 28an. @ G7ezplataforma

Aman Komunak jakitera eman duenez, heldu den ostiral arratsaldean G7 gailurrean atzemandako hamabi lagunen kontrako auzia izanen da Baionako auzitegian, Naiz atariak jaso duenez.

Sareak jakinarazi duenez, “atxilotuen eta presondegiratuen lekukotasunak pixkanaka azalarazten ari diren heinean, poliziak zer nolako bortizkeria eta inpunitatea erabili zituen konturatzen gara”.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak emandako datu ofizialen arabera, orotara 164 herritar atxilotu zituzten, Euskal Herrian ez ezik, beste lurralde batzuetan ere. Horrez gain, 16 bat lagun Frantziar estatutik kanporatu zituzten. Bost lagun - horietatik euskal kostaldera zetozen hiru aleman – presondegira sartu zituzten. Ondoko aste eta hilabeteetan auzi ainitz aurreikusten dira, joan den astean Akizen iragan bezala.

“Azpimarratzekoa da atxiloketa bakarra ere ez dela bortizkeria kasuengatik burutu eta, nahiz eta Baionako prokuradoreak kontrakoa adierazi, ia atxiloketa guztiak neurri prebentibo gisa egin zituzten”, salatu du Aman Komunak sareak.

Guztiarekin, sareak atxilotu, inkulpatu eta preso diren lagun guziei elkartasuna adierazteko deia luzatu du. Baiona auzitegiaren aitzinean bazkari bat izanen da.