Anaiz Aguirre Olhagaray

Larrialdietako langileek Buzyn ministroaren iragarpenak salatu dituzte

Irailaren 10ean, Baionako ospitaleko larrialdietako langileek Aviron Bayonnais klubaren ereserkia “larrialdi bertsioan” kantatu zuten. Gisa horretan Agnès Buzyn Osasun Ministro frantsesari baliabide gehiago galdegin zizkieten, haren plana errefusatuz.

Azken hamar urteetan larrialdietako kontsultak urtero %5 emendatzen direla diote artatzaileek. © Guillaume FAUVEAU
Azken hamar urteetan larrialdietako kontsultak urtero %5 emendatzen direla diote artatzaileek. © Guillaume FAUVEAU

Frantziar estatu mailako greba mugagabeak 249 zerbitzutan segitzen du. Irailaren 10ean, asteartearekin, osasun saileko langileak Baionan elkartu ziren inter-sindikalaren (Unsa, CGT, FO, CFDT, LAB) deialdiarekin bat eginez. Aviron Bayonnaisen ereserkia kantatu zuten “larrialdi bertsioan”. Bukaeran buruak plastikozko poltsetan sartu zituzten, bizkarra ematearekin batera. Haien bata xurien gibelean lelo nagusi bat ageri zen: “Larrialdiak itota”.

“Buzyn andreak iragarpenak egin ditu, baina ez du gure eskaera bakar bat ere betetzen”, adierazi zuen Patrick Cazalis Unsa sindikatuko Pirinio Atlantikoetan gizarte osasuneko idazkariak. Osasun Ministroak irailaren 9an aurkeztu zuen 2019-2022 urteetarako 750 milioi eurotako “ber fundazio  ituna”. Horietatik 350 milioi “zaintzarako zerbitzuak” sortzeko bideratuko dira, “frantsesen arretarako eskaerei une oroz erantzun ahal izateko”.

Alta, zaintzaileek galdegiten dituzten ohe berriak edo langile gehigarriak ez dira ageri plan horretan. “Ezin dira lau urte hartu, orain egin behar da”, berretsi zuen Patrick Cazalisek. Artatzaileek hilabeteroko sarian 300 euroko emendatzea galdegiten dute eta baita “larrialdietako zerbitzuetan diren langile guzientzat arrisku prima” bat ere. Izan ere, pairatzen dituzten bortizkeria eta erasoak kontuan hartu behar direla aldarrikatzen dute.

Protestarako egin elkarretaratzean, Baionako ospitaleko larrialdietako langileek Aviron Bayonnais klubeko ereserkia kantatu zuten, hitzak haien egoerara egokiturik: “aski, aski, pertsonak duintasunez artatu nahi ditugu. Baionako larrialdiak gara. Aski da, zuregatik eta enegatik borrokatzen dugu. Aski, aski, artatzaile robotiko gisa hartuak gara. Baina zu bezalakoa naiz. Buru bat eta bi beso ditut. Nire ahalegin onena egiten dut, baina ezin dut, ezin dut...”.