Kazeta

Roger Etchegaray kardinalari azken agurra eman diote Baionan

Vatikanoko zein euskal Elizako ordezkariek eta agintari politikoek Roger Etchegaray kardinalaren aldeko hiletan parte hartu dute irailaren 9an Baionako katedralean. Arratsaldean, azken agurra eman diote bere sorterrian, Ezpeletan.

Baionako katedralean hainbat estatu ordezkari eta euskal agintari elkartu ziren. (Gullaume FAUVEAU)
Baionako katedralean hainbat estatu ordezkari eta euskal agintari elkartu ziren. (Gullaume FAUVEAU)

Roger Etchegaray kardinala iragan asteazkenean hil zen 96 urte zituela. Geroztik bere gorpuaren beilatokia ezarri zuten azken urteetan bere etxea izan zen Kanboko Arditeya egoitzan, Naiz atariak zabaldu duenez.

Atzo goizeko 10.30ean Baionako katedralean iragandako elizkizunean Francisco Aita Sainduaren mezua irakurri zuten, 1922an Ezpeletan jaio eta 1947an apaiztu zen Etchegarayk «eliza unibertsalari» eginiko ekarpena nabarmenduz. Vatikanoa ordezkatuz Dominique Mamberti kardinala bertaratu zen Baionara.

Elizako ordezkariekin batera, agintari politiko eta estatu ordezkariak ezarri ziren katedralaren aurreko lerroetan. Hala nola, bertan izan ziren Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta eta baita zeremonian hitza hartu zuen Barne estatu idazkari den Laurent Nuñez ere.

Herri, eskualde, Euskal Herri eta Frantziar estatu mailako hautetsiak bertan ziren, tartean Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta EAEkoa den Iñigo Urkullu ere. Beraien ondoan, besteak beste, Michel Camdessus jarri zen. Nazioarteko Diru Funtsaren presidente ohiak 2018ko maiatzaren 4an Arnagan irudikatu zen ETAren zikloaren bukaera markatzeko konferentzian protagonismo berezia izan zuen.

Gatazkaren konponbidean aktore diskretua

Vatikanoan diplomaziarako ardura izanik, Euskal Herriko gatazkan Roger Etchegarayren izena usu izan da aipatua. Hainbat euskal apezpikuren aholkulari funtzioa bete zuen eta hauetako ainitzek egiten zion bisita Erroman.

Gatazkari aterabidea emateko ordezkari politikoekin harremanak izan zituela ere argitaratu izan da behin baino gehiagotan. 2003-2004 urteetan PSOE eta ezker abertzalearen ordezkariekin bildu zen, nahiz eta berak beti ukatu egin zuen bitartekari lanetan jardun izana.

ETAren armagabetze egunean, hots, 2017ko apirilaren 8an, Matteo Zupi kardinal izendaturiko Boloniako artzapezpiku eta San Egidio komunitateko kide ezaguna armagabetzearen bermatzaile gisa izan zen Baionan.

Ekitaldia bukatu bezain laster, Zuppik Roger Etchegaray bizi zen Arditeyara jo nahi izan zuen. «Nik eraman nuen Matteo Zupi Kanbora. Lagun onak ziren», baieztatu zuen kardinal ezpeletarra hil ondoren Vincent Bru Kanboko auzapez ohiak eta egun diputatu denak.