Kazeta

Aurten ere Xilaba taldeka jokatuko da

Irailaren 20an Itsasun hasi eta azaroaren 16an Izturitzen bazkari handi batekin bukatuko den bertsolari txapelketa presentatu du Bertsularien Lagunak elkarteak.

Iazko Xilabaren finalak utzitako irudia. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Iazko Xilabaren finalak utzitako irudia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Iazko arrakasta ikusirik, Bertsularien Lagunak elkarteak aurtengo udazkenean Xilaba bertsolari txapelketa taldeka jokatzea deliberatu du. Irailaren 20an emanen zaio hastapena Itsasuko Goxoki gaztetxean, arratseko 20:00etan. Txapelketaren finala azaroaren 16an izanen da, Izturitzeko herriko gelan eginen den bertso bazkari handi batekin.

Aurten bederatzi taldek parte hartuko dute, orotara 34 bertsolari kantatu beharko dutelarik, batzuk lehen aldikoz. Bertsotan aritzeaz batera, bertsolariek haien tokiko saioak antolatuko dituzte, beste ligaxkako saioetan epaile papera bete eta baita gaiak prestatu ere. Final aitzinekoetarako eta finalerako epaile eta gai jartzaileen taldeak osatuko dira.

“Etxeko” giroa lehenetsiz

Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak elkarteko kideak KAZETA.EUSi adierazi dionez, proposaturiko eredu honekin “etxeko giroa” sortu nahi dute, herrikoia, tokiko ezaugarrietara egokitua. Horregatik, tokian toki proposamen ezberdina egin dute, nagusiki bertso bazkari edo afariak, baina toki arras ezberdinetan.  

“Bertsolari gazte eta berrien partaidetza sustatu nahi izan dugu, bakarka aritzea jauzi handia baita”, erran du Idoatek. Iazko taldekako txapelketa bukatu ondotik, elkarteak 2020an bakarkako txapelketa izanen dela iragarri zuen, urtebete geroago jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko beharrezkoa izanen baita. Alta, aurten ere taldekako ereduaren alde egin dute.

Taldeak eta saioak

Bederatzi talde hauek parte hartuko dute: Eskorbutak, Eskukula, 4ko Plasara, Hasta la 2toria, Ekainaz, Kontrabanda, Barça taldea, Urruñago eta Ez Otoi Pentsa. Orotara 34 izanen dira ligaxkako 9 saiotan lehiatzeaz batera, bertsotan ongi pasatzen eta pasarazten arituko diren bertsolariak.

Hauek dira txapelketako saioak:

- Irailak 20: Itsasuko Goxoki gaztetxean.
- Irailak 21: Hazparneko Bob´s Beer-en.
- Irailak 28: Izpegiko Irigoiena jatetxean eta Sarako trinketan.
- Urriak 5: Aldudeko Alfaro jatetxean eta Pausuko Xaia ostatuan.
- Urriak 11: Amenduzeko Eiheran.
- Urriak 12: Azkaineko Xoko Onan.
- Urriak 20: Urruñako Berttoli elkartean.
- Azaroak 1 (finalerdia): Baionako Zizpa gaztetxean.
- Azaroak 2 (finalerdia): Muskildiko Posonpesenea gelan.
- Azaroak 16 (finala): Izturitzeko herriko gelan.