Euro Basque Rugby Challenge: mugaz gaindiko errugbi liga berria

BIDEOA - Euskal Herriko zazpi klubek parte hartuko dute agorrilaren 17tik irailaren 7ra eginen den errugbi lehiaketan. Lapurditik Angelu, Aviron eta Biarritz, Gipuzkoatik Ordizia, Hernani eta Bera Bera eta Bizkaitik Getxo lehiatuko dira aurrekaririk ez duen "euskal ligan".

Kazeta|03/08/2019 08:50|0 commentaires
Errugbi_lehiaketa
Euro Basque Rugby Challenge lehiaketa uztailaren 29an aurkeztu zuten Donostian. @BOPBweb

Aspalditik martxan jarri nahi izan den egitasmoa bada ere - lehen asmoa iazko maiatzean plazaratu zen eta lehiaketa hastapen batean aurtengo udaberrian ospatu nahi zen -, azkenean Ipar eta Hego Euskal Herriko taldeak batuko dituen Euro Basque Rugby Challenge euskal errugbi liga berria agorrilaren 17tik irailaren 7ra jokatuko da, NAIZ-eko artikuluak jasotzen duenez.

Lehiaketa hiru maila desberdinetan eginen dute: Serie 1 (lehen maila), Serie 2 (bigarren maila) eta emakumezkoetan. Orain jokatuko dena Serie 1 mailako lehiaketa izanen da eta, antolatzaileek uztailaren 29an Donostian egindako aurkezpenean azaldu zutenez, beste bi mailetako lehiaketen xehetasunak aurrerago emango dituzte.

Lehiaketa berrian zazpi taldek hartuko dute parte: Baionako Aviron, Biarritz, Angelu, Ordizia, Hernani, Getxo eta Bera Bera. Ipar eta Hego Euskal Herriko taldeen artean dagoen maila desberdina kontuan izanda, Avironek eta Biarritzek beren bigarren taldeekin jokatuko dute.

Lehiaketa formatua eta egutegia ere zehaztuta daude jadaneko. A multzoan Aviron, Hernani eta Getxo izanen dira eta B multzoan Biarritz, Angelu, Ordizia eta Bera Bera. A multzoko ligaxka agorrilaren 17an, 24an eta 31n jokatuko dute hiru taldeek; B multzokoa 24an eta 31n iraganen da soilik. Multzo bakoitzeko irabazleek Ordizian jokatuko dute finala irailaren 7an.

Lehiaketa Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dute eta aurkezpen ekitaldiari garrantzia handia eman nahi izan diote. Donostiako Miramar Jauregian egin zuten eta ordezkari ugari bildu ziren bertan: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Arola Urdangarin, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria; Iñaki Laskurain, Euskal Errugbi Federazioko presidentea; Alain Fariscot, Errugbi 64 Departamentu Batzordeko federazio presidentea; eta Javier Lorente, Nafarroako Errugbi Federazioko presidentea.

"Gaur aurkezten duguna lehen proiektu bat da. Badakigu etorkizunean izango dela zer hobetua, baina horretarako informazioa eta ezagutza lehen lehiaketa honek emango digu. Badakigu errugbiak maila eta zaletasun handia duela Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldeko taldeek argi zuten ezin genuela horri bizkar emanda bizi. Era berean, Iparraldeko taldeek ere proiektua interesgarria izan daitekeela ulertu dute. Errugbia oso garrantzitsua izan daiteke lurralde desberdinen arteko elkarlana eta ezagutza bultzatzeko", adierazi zuen Bingen Zupiriak.