PMA: Les Bascosek “perfekzionatu daitekeen” iragarpenari ongi etorria egin dio

Uztailaren 24an buruturiko Frantziako Ministro kontseiluan, emazte bikoteentzat eta bikoterik ez dutenentzat medikuntza bidez lagundutako haur sortzearen alde (PMA) agertu da gobernu frantsesa.

Kazeta|31/07/2019 07:40
Guz_gaypride_miarritze_gfauveau-7
Guzientzat familia osatzeko eskubidea bermatzea LGBT kolektiboen aspaldiko aldarrikapena da. © Guillaume Fauveau

Ministroen kontseiluan aurkezturiko bioetika lege proiektuak medikuntza bidez lagundutako haur sortzea (PMA) plantan emateko bidea idekitzen du emazte bikoteentzat eta bakarrik direnentzat. LGBT kolektiboek aspaldi egindako aldarrikapenak dira horiek.

Sexu bereko bikoteentzat erregimen zehatz bat aurreikusten du lege-proiektuak. Lehenik seme-alabatasun bikoitza ezartzeko borondatezko adierazpen bat egin beharko lukete, gisa horretan haurdun gelditu den emaztea eta bere bikotekidea buraso gisa aitortuko liratekeelarik. “Aterabide honek emazte bikoteentzat jasanezina den egoera aldatuko balu ere, arazo bat sortuko luke”, dio Les Bascos LGBT elkarteak. Bere ustez, gobernu frantsesak egindako iragarpena “perfekzionatu” daiteke.

“Hautu horrekin, gobernuak bikote heterosexualek ezagutzen ez duten egungo sistema mantenduko luke, baina bitartean dispositiboak hirugarren emaile baten erabilera saihestera eramaten ahal du, gisa horretan haurrari sinetsaraziz burasoak bere buraso genetikoak direla”. Les Bascosek nabarmendu duenaren arabera, hirugarren emaile bati buruz informatuak ez badira, helduak direnean ere haurrek ezingo dute beren jatorria jakin.

Gisa berean, elkartearen iritziz, erregistro agirietan sortze-adierazpena aipatuz gero, estigmatizazioaren arriskua izanen litzateke. Kontzebitze metodoa notario, administrazio eta prozedura judizialetan agerian gera liteke. Horregatik aldarrikatzen du Les Bascos elkarteak bikote homosexualak zuzenbide komunean sartzea.