Maite UBIRIA

Baionako bestak: hiru sexu eraso salatu dituzte

Uztailaren 28an bukatu ziren Baionako besten bilana plazaratu dute Auzitegiko ordezkariek, Suprefeturak eta Herriko Etxeak. Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak hiru eraso sexista izan direla baieztatu du. Hervé Jonathan suprefetak ospakizunetan izandako giro lasaia azpimarratu nahi izan du.

Samuel Vuelta Simon, Jean-René Etchegaray eta Hervé Jonathan. ©Bob EDME
Samuel Vuelta Simon, Jean-René Etchegaray eta Hervé Jonathan. ©Bob EDME

Hervé Jonathan suprefeta eta Samuel Vuelta-Simon prokuradorea bertaratu dira Baionako Herriko Etxean antolaturiko agerraldira, udal agintariekin batera besten bilana aurkezteko, Naiz atariak plazaratu duenez.

Lehenak bestetan bizitako «giro lasaia» nabarmendu du. Polizia eta larrialde zerbitzuen interbentzioa eskatu duten kasuak iaz baino gutxiago izan dira eta horren larritasuna, oro har, apalagoa izan delako pozik azaldu da Herve Jonathan.

Suprefetak zehaztu duenez, 2018ko jaiek utzitako bilanarekin alderatuta aipaturiko zerbitzuetatik igaro zen jende kopurua %10 apaldu da aurtengo bestetan.

Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak bestetan izandako giro lasaia baieztatu du, delitu kopuruen beherakada aipatuz. Alta, indarkeria sexistari dagokionez, «kasu kopuru erdia jaso bada ere» aurtengo bestetan hiru eraso sexista izan zirela baieztatu du.

Neska batek, autokarabana batean lo zenean, pairatu zuen erasoa dela-eta kontrol judizialpean ezarri du epaileak gizonezko bat bortxaketa delitua egotzita.

Bestalde, karrikan txiza egiten ari zelarik, neska bat bortxatzeko saiakera egin zuten bi gizonen aurkako aferak epaitegian segida izanen du baita ere. Prokuradoreak eraso biak argitutzat eman ditu.

Finean, bortizkeria sexista ekiditeko Roland Barthes zabalgunean ezarritako Maina zerbitzuak publiko egin zuen hirugarren erasoari buruz polizia ikerketa abian da, nahiz eta ukituak pairatu zituela jakitera eman zuen 16 urteko neskak salaketarik ez zuen ezarri.