Antton Etxeberri
0613_p2_antton_edito_ce
Tauromakiarik gabe, hobe

Aski deseroso sentitzen dira basakeria, giza-zozokeria eta sufrimenduarekiko amorrua azaldu behar denean.

27/07/2019 14:01 | 0 commentaires

Udarekin batera, Hego-Mendebaldera (Sud-Ouest delakoan) urtero bezala “feria” delakoak heldu dira eta zezen-plazen ateak idekiko dira zezenketen zaleak errezibitzeko. Zezenketak arte bat omen dira, kultura, tradizioa, ikusgarri bat ere... Agorrilaren 15aren inguruan harmailetan geroz eta gutxiago izaten diren zaleentzat feria ezagunak antolatzen dituzte. Batzuk zezenketariaren hiria deitzea maite duten Baiona hainbat asteburutan zezenketa egitaraua eskaintzen duen hirietako bat da. Ikuskizuna segurtatua da, ez gara aspertuko eta gainera, sartzeko prezioetan abantailak eskainiko dituzte, ahalik eta jende gehien joan dadin. Helburua: antzinako tradizio bati eustea.

Ni ez nintzen zaletasun hau duen familia batean sortu. Euskal Herriko barnekaldean, laborariek abereak esnea edo haragia ekoizteko hazten dituzte. Zezenketak beti “aberatsentzat” izan dira. Eskuragarria ez den ikusgarri gisako bat, non klase ertain-altuko jendea pozik den toreatzailea zezenaren aitzinean ikusita, lehenik hura saihestuz, ondotik ziztatuz eta azkenik masakratzeko. Batzuetan telebistek zezena saihestu ezin eta toreroa airetik erakutsi izan dute eta egin ohi diren komentarioetan pizti gaiztoa hezten entseatzen diren hiltzaile ausart hauek hartzen duten arriskua oroitarazten dute.

Egungo internet eta sare sozialekin, geroz eta gehiago dira zezenketa hauen kontra agertzen ari diren militante aktiboak. Gazteek, nahi izan gabe ere, interpelatzen dituzten irudiak ikusi behar izaten dituzte. Zezenak zergatik hiltzen dituzte? Jendeak animaliak hiltzen ikustea maite du? Non da interesa? Berez kuriosak diren haurrek ikasi egin nahi dute. Erraza da neholako argudiorik gabe hori guztia “tradizioaren izenean” antolatzen dela erratea. Zalantzarik gabe, aski deseroso sentitzen baitira basakeria, giza-zozokeria eta sufrimenduarekiko amorrua azaldu behar denean. Eta animaliekiko krudelkeria hau “tradizioaren” izenean justifikatzea gure haurrak tradizioa inutila eta basakeria dela eta animaliak sufriarazten dituela pentsaraztera eramanen ditu. Eta gainera, animaliak heriotzaraino nola torturatzen dituzten ikusteaz gozatzen duten pertsona batzuk ikustea ulertezina da beste batzuk errespetuan, ingurumenean eta inguratzen duen bizian oinarrituriko baloreak transmititu nahi dizkiegun bitartean.  

Ekitaldi hauek antolatzen dituzten instituzio publikoek bere baitan aztertu behar duten gaia da. Aste honetan, MEDIABASK astekaria ikusi ahalko duten milaka pertsona Baionarako iragarri diren zezenketen iragarkiaz ohartuko dira. Arrazoi ekonomikoengatik errefusatu ezin ditugun iragarki hauek seguruenik ekitaldi hauen normaltasuna ezartzeko estrategiaren parte dira. Zalantzarik gabe hainbat irakurlek iragandako marra gorri bat ikusiko dute eta ez dute dudarik izanen konplizeak garela leporatzeko. Parte batez, arrazoiz.