Anaiz Aguirre Olhagaray

Ipar Euskal Herri mailako lehen ibilketen plana martxan da

Euskal Elkargoak joan den ekainaren 29an ibilketa plan estrategikoa onartu zuen. Ipar Euskal Herriko Ibilketen Tokiko Plana osatzeko oinarri gisa, bide-orri horrek 23 ekintza biltzen ditu, 95 ibilbide hautatu dituztelarik.

Lehen aldia da Ipar Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen ibilketa plan bat plantan ematen dela.
Lehen aldia da Ipar Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen ibilketa plan bat plantan ematen dela.

“Hemengo jendeari egin behar dio plazerra”, hala mintzatu da Xiberoan gida lanak egiten dituen Pipas Larrandaburu ibilketa plan berriaren inguruan. Alde on ainitz dituela uste du, Ipar Euskal Herrian gisako egitasmoen arteko lehena baita, baina planean egun jadaneko abian diren proiektuak bazterrean uzteko arrangura azaldu du. Haatik, Daniel Oltzomendi Euskal Elkargoko turismo kontseilariak “ez ulertze” bati buruz hitz egin du, argituz txostenaren lehen bertsioak orain proposamen berriak elikatu nahi dituela.

Euskal Elkargoaren kontseiluak ekainaren 29an onarturiko Euskal Herriko ibilketa plan estrategikoak 23 ekintza biltzen ditu, horien artean seinalatzeen optimizazioa eta zaintza lanen antolakuntza, praktika ezberdinen garapena eta baita tokiko planetako ibilbideetako kultur, ondare eta identitate ezaugarriak ere.

Azken hau “interesatuekin sortua izan da, turismo eta mendi profesionalekin, instituzioekin, elkargoekin eta hautetsiekin, elkarteekin...”, azaldu du Daniel Oltzomendik. Bere hitzetan, “biziki garrantzitsua den sektore bat egituratzea eta birkalifikatzea da xedea. Gauza bat argi geratu behar da: plana bertako jendeentzat egina da eta noski, Euskal Herria bisitatzen duten guziekin partekatuko dugu”.

Oltzomendik jakinarazi duenez, jadaneko 2016an Euskal Mendialdearen Turismo gunea eta Hego Lapurdiko Hirigunean ohartu ziren gogoeta estrategiko bat plantan eman behar zela adar horren geroaz eta egituraketaz. “Euskal Hirigune Elkargoa sortzearekin batera, gogoeta hori elkargoa osatzen duten 15 herritara hedatu zen”, argitu du. Azterketa bulego baten laguntzaz eta ibilketan aritzen diren eragile publiko nahiz pribatuekin batera egiten entseatu dira.

Pipas Larrandaburuk plana positiboki hartu du eta Ipar Euskal Herri mailako “batasuna” azpimarratu du. Halere, pertsonalki ohar bat egin nahi izan du: “Hutsuneak daudela uste dut”. Mendizaleak uste du urteetan profesional ainitzek egindako lana ez dela kontuan hartua izan. Euskal Elkargoa bere hastapenetan dela jakitun, Larrandaburuk espero du “etorkizunean hau zuzenduko dela”.

Oltzomendik gaizki ulertze bat badela adierazi du. Irizpide batzuen arabera, egun diren 290 ibilbideetatik 95 hautatu direla argitu du, erraterako “ainitz ez dira sartu asfaltoaren portzentajea aski altua delako”. Edozein gisaz, Izurako auzapezak proiekturik ez dela baztertu baieztatu ondotik, hemendik aitzina proposamenei ongi etorria eginen zaiela segurtatu du.

Ipar Euskal Herriko Ibilketa Plan Estrategikoa hemen klikatuz osorik ikusten ahal da, euskaraz nahiz frantsesez.