Iurre BIDEGAIN

G7: itxierak eta debekuak emendatzen ari dira

Bat eta bi eremuak agorrilaren 23an aktibatuko dituzte Biarritzen eta horiekin batera, G7 gailurrari loturiko segurtasun neurriak eta murrizketa guziak. Neurri hauek Biarritzeko hiria gaindituko dute eta besteak beste, Baionaraino izanen dute eragina.

Emmanuel Macron maiatzean izan zen Biarritzen eta orduan jada segurtasun neurri azkarrak ezarri zituzten. ©Bob EDME
Emmanuel Macron maiatzean izan zen Biarritzen eta orduan jada segurtasun neurri azkarrak ezarri zituzten. ©Bob EDME

Tantaka bada ere, G7aren karietara ezarriko den segurtasun neurriei buruzko informazioa publiko egiten ari dira, nahiz eta xehetasun guziak ez diren ezagunak. Michel Veunac Biarritzeko auzapezak erran duenez, hiria ez da bunker bat izanen, baina “zaintza azkartua” deituriko 1. eremuak horren itxura hartuko du. Hona hemen goi-bilera iragaten den denboran iragarri dituzten itxierak eta debekuak:

Aireportua eta geltokiak hetsita. Agorrilaren 23ko goizeko 07:00etatik agorrilaren 26ko 20:00ak arte Biarritzeko aireportua hetsita izanen da aire aktibitate publikorako. Hegazkinak lurrartu eta aireratuko dira, baina soilik gailurrean parte hartuko duten atzerriko ordezkarientzat.

Data hauetan autorik ezingo da utzi aireportuko aparkalekuetan eta hor diren autoak biltegira eramanen dituzte. Beraz, data hauen aitzinetik bidaian aterako direnek beren autoa beste lekuren batean utzi beharko dute. Goi-bilera iragaten den egunetan, EasyJet bezalako aire konpainiek zazpi lotura Pauera bideratuko dituzte. Biarritzeko tren geltokia ere ezeztatua geldituko da soilik ordezkaritza ofizialak jasotzeko.

Zirkulazioa eta aparkalekuak Biarritzen. 1. eremuan ezingo da autoz ibili ezta aparkatu ere. Pirinio Atlantikoetako prefeturak argitu duenez, ezaugarri edo ikur bat duten autoen jabeek inguruetan aparkatu ahalko dute, betiere 2. eremuan. Bertan bizi direnak eta eskubidedunak oinez sartu ahalko dira, ezaugarri txartel bat edo identifikazio agiria erakutsiz.

Eremuko bide publiko eta aparkalekuetan diren auto guziak bertatik mugitu beharko dira segurtasun protokoloa abian jarri aitzin. 1. eremuko aparkaleku publiko guziak agorrilaren 17an hustuko dira.

Biriatuko inguruetan ere zirkulazio arazo franko izanen da. Espainiako Trafiko Zuzendaritza Orokorrak karga handiko garraioen konfederazioa jakinaren gainean jarri du, ohartaraziz bertan hitzorduak jartzeak Irun eta Hendaia artean ilara luzeak eragiten ahal dituela. Euskal Herritik ez pasatzeko aholkua eman diete.

Hondartza ere hetsirik. Biarritzeko hondartza handira sartzea erabat debekatuko dute, eta baita inguruko itsas aktibitate oro ere. Itsas segurtasunerako sistema berezi bat plantan emanen dute.

Nahiz eta hondartza batzuk aparkaleku bilakatzeko informaziorik atera izan, prefeturak argitu duenez Biarritzeko eta kostaldeko beste hondartzetan itsas aktibitatea baimenduko dute. Hondartzaren parean kokaturiko Barrière kasinoak gailurraren denboran bere gelak hestea erabaki du.

Zahar etxeak. Eremu urdinean diren Notre Maison eta Parc d´Hiver zahar etxeak horko bizizaleen familiekin prestaketa egiten ari dira. MEDIABASK Notre Maisoneko arduradun batekin harremanetan jarri da eta honek jakinarazi duenez, familiei gutun bat bidali diete ezaugarri txartel edo agiri bat eska dezaten. Parc d´Hiverreko arduradunek berriz, uztailaren 19an bilkura bat eginen dute gaia jorratzeko.

Baionako merkatua hetsita. Esan bezala, debekuek eta itxierek Biarritz gaindituko dute eta auzo hirietan ondorioak nabarmenak izanen dira. Erraterako, Baionako merkatua larunbatez eta igandez hetsiko dute eta agorrilaren 24ko merkatu idekia ere bertan behera geldituko da.