Idoia ERASO

Seaskak hitzarmena izenpetu du Hezkunde Nazionalarekin

Azken hilabeteetako tirabiren ondotik, azkenean, Seaskak Hezkunde Nazionalak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2019 eta 2022 arteko hitzarmena izenpetu dute uztailaren 16an. Heldu den ikasturterako 19,5 postu lortu ditu ikastolen elkarteak.

Ezkerretik eskuinera, Olivier Dugrip, Beñat Arrabit, Paxkal Indo eta Peio Jorajuria. ©Guillaume FAUVEAU
Ezkerretik eskuinera, Olivier Dugrip, Beñat Arrabit, Paxkal Indo eta Peio Jorajuria. ©Guillaume FAUVEAU

Laugarren hitzarmena sinatu dute gaur Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak eta Hezkuntza Ministerioak, EEPren bitartekaritza eta parte hartzearekin. Hirugarren akordioan adostutako baldintzak ez zirela betetzen salatuta, laugarren hitzarmena sinatzeari uko egin zion Seaskak joan den ikasturtean. Gaurko sinadura negoziaketa tekniko eta politiko luzeeen emaitza izan da, Naiz atariak argitaratu duenez. 



Olivier Dugrip Hezkunde Nazionaleko Bordeleko errektoreak, Beñat Arrabit EEPko presidenteak eta Paxkal Indo Seaskako presidenteak sinatu dute testua. Bertan zen ere agorrilean Indoren kargua hartuko duen Peio Jorajuria. 



Hautetsiak



Max Brisson senataria (EEPko lehen presidentea), Frederique Espagnac senataria, Vincent Bru diputatua, Mathieu Berge eskualde kontseilaria (EEPko hirugarren presidentea) eta Benedicte Luberriaga departamendu kontseilaria izan dira bertan, azken hilabeteetan egindako negoziaketa politikoen emaitzak ikusteko, eta sostengua emateko.

Hitzarmena

Bernadette Soule EEPko zuzendariak azaldu du hitzarmenaren mamia, eta artikuluetan hitzartutako termino teknikoak gutxitu gabe, sar hitzari eman dio garrantzia, Seaska eta bere eredu pedagogikoa aurkezten duelako. Errektoreak berak, egin zuen hitzartzean, ereduaren kalitatea goretsi zuen.

Indok poz handia agertu du, aurreko urtea konbeniorik gabe pasa dela oroituta. Egindako lan tekniko eta politikoan parte hartu duten EEPko langileak eta negoziaketa politikoan parte hartu duten hautetsiak eskertu dditu. Baina jakinarazi du, hitzarmena sinatuta ere, jakin badakitela hurrengo ikasturteari begirako negoziaketak berriz ere korapilatsuak izanen direla, eta «kuraia on» opa dio Jorajuriari.

Postuak

Hurrego ikasturterako 19,5 postu lortu ditu Seaskak, negoziaketa luze eta zailen ondoren. 30 lanpostu eskatu zituen ikastolen federazioak hastapenean, baina kopuru hori ez zuela lortuko ikusita 12 finantziatzeko prest agertu zen. Hezkunde Nazionalak bere aldetik 5 postu eskaini zituen hastapenean, baina protesta jendetsu, sostengu publiko eta bitartekaritza politikoari esker heldu den ikasturterako kopurua ia laukoiztea lortu du.