Iurre BIDEGAIN

Gaztetxea berreskuratu du Hendaiak

Hendaiako Herriko Etxeak eta Hendaitz gazte asanbladak hitzarmen bat izenpetu dute uztailaren 15ean. Hitzarmenari esker, Herriko Etxeak Caneta auzoan dagoen lokal bat utzi die gazteei bederen bi urtez.

Hendaiako Herriko Etxeak eta Hendaitz elkarteko gazteek hitzarmena sinatu zuten atzo, uztailaren 15ean. Akordio honen bitartez Caneta auzoan kokatzen den lokal bat Gaztetxe bilakatzeko utziko die Herriko Etxeak, bederen bi urtez. Egoitza berrian animazioak eskaintzeko prestatzen ari dira jada gazteak.

"Denak irabazle egiten gaituen operazio" gisara aurkeztu du Kotte Ecenarro auzapezak. Hitzarmena Herriko Etxearen eta Hendaitz elkarteko kideen arteko negoziaketen emaitza izan da, harremanak Orio auzoan sortu zuten Sasiko Gaztetxetik kanporatuak izan zirenean hasi baitziren. Atzo sinatu zen akordio honi esker erdigunean dagoen Askatasun karrikaren 16. zenbakian kokatuko da elkargune berria.

2018ko otsailaren hastapenean Sasiko Gaztetxetik kanporatuak izan ondotik, kaserna zaharra okupatzea deliberatu zuten gazteek. Ekintzaren egunean berean Kotte Ecenarro auzapezak 18 hilabetetan egoitza berri bat utziko ziela hitz eman zien. Auzapezak bere hitza bete du hitzarmen honekin.

Azken hilabete hauetan hainbat bilkura izan dira hautetsien eta Hendaitzeko kideen artean, eta orotara hiru lokal proposatu izan zaizkie. Negoziaketen ondoren lortu den egoitza, garaian herriko dispentsario gisara ezagutzen zen osasun-pedagogia zentroa da. Lehengo kokagunean Gaztetxea Sasiko deitu zuten gazteek, okupatu zuten etxea sasiz betea zelako, baina egoitza berriak oraindik ez du izenik.

Gutxienez bi urterako bilakatuko da lokala gaztetxe. Gune horretan higiezin egitasmo bat dago aurreikusia. Auzapezak jakinarazi duenaren arabera, "egitasmoa garatzeko beharrezkoak diren baimenak lortzeko beharko den denboraren araberakoa izanen da Gaztetxeak bertan emanen duen epea". Ecenarroren hitzetan, denbora honek Herriko Etxeari kokagune berri baten inguruan gogoetatzeko astia ematen dio.

Animazioak prestatzen

Eñaut Jauregi, Hendaitzeko kideak jakinarazi du gazteek egoitza berri hau onartzea deliberatu dutela, Sasiko Gaztetxean egindako lanari eta proposamenei jarraipena eman ahal izateko. "Sasikon eman genituen bi urteek indarra eta konfiantza eman digute. Oraingoan, kokagunea lehenetsi dugu eraikina bera baino", azaldu du.

Gaztetxe berri honen inguruan Hendaiako elkarte ezberdinen egoitzak aurkitzen dira, eta auzokoekin lehen harremanak izan dira jada. Duela egun batzuk elkar ezagutza sustatzeko zintzur-bustitzea egin zuten, hitzarmenaren sinadura bera baino lehen. "Auzokoekin harreman onak izan nahi ditugu, eta animazioak izanen badira ere, gure artean elkar errespetatzen entseatu behar gara" gaineratu du Jauregik.

Antolatuko dituzten ekimenen inguruan gogoetatzen ari dira jada. Agorrilaren 9, 10 eta 11n Hendaian ospatuko den Euskal Bestan bazkariak eginen dituzte.