Kazeta

Saltegi berria estreinatuko du Otsokop kooperatibak

Otsokopek kooperatiboa eta parte hartzailea izanen den saltegi berria estreinatuko du Baionan, ekainaren 29an. Egun osorako bisitak, tailerrak eta jokoak antolatu ditu.

Otsokopek 250 metro karratuko saltegia ideki du Baionako San Izpiritu auzoan. © Guillaume Fauveau
Otsokopek 250 metro karratuko saltegia ideki du Baionako San Izpiritu auzoan. © Guillaume Fauveau

Otsokop kooperatiba parte hartzaileak saltegi berria heldu den ekainaren 29an idekiko du ofizialki. Baionako Lattre de Tassigny etorbidean kokatua da. Antolatua izan den egun osoko bestan Herriko Etxeko ordezkaritza, sareko laborariak eta elkarteko bazkideak izanen dira presente.

Saltegi berriaren helburua argia da: bio, tokiko eta sasoiko produktuen 1.600 erreferentzia biltzea. Kooperatibako kideek produktu hauek eskuratzeko aukera dute hilabetero hiru oreneko parte hartzearen truke.

Kide berriei esker, Otsokopek bere idekiera ordutegiak zabaldu ahal izan ditu. “Baina oraindik gehiago zabaltzeko, beste hamabost kide berri beharko lituzke”, erran dute.

Saltegiaren estreinaldia egiteko xingolaren mozketa goizeko 11:30ean eginen da, Ixabel Cassan Otsokopeko presidentearen eskutik. 12:30ean aperitifa iraganen da eta egunean zehar, bisitak, kontzientzia sortzeko tailerrak, jokoak eta partaidetza duten elkarteen mahaiak izanen dira.