Kazeta

Larrun 2020: elkar aditzetik isiltasunera

Larrun Ez Hunki kolektiboak salatu du Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Larrun mendiaren proiekturako elkarteen iritzia ez duela kontuan hartzen.

Hastapenetik Larrun 2020 proiektuaren kontrako mobilizazio ugari egin dira.
Hastapenetik Larrun 2020 proiektuaren kontrako mobilizazio ugari egin dira.

Departamenduak hitz emandako elkar aditze “tranpatia” salatu du Larrun Ez Hunkik. Zuzenki eta apaindurarik gabe, kolektiboak ohar bidez adierazi du ez dela prest “tokiko erabakiak hartzen dituztenen izenean publikoaren aitzinean komunikazio pantaila bat izateko”.

Bazirudien joan den martxoaren 5ean egin zen bilkuran akordio batera heldu zirela. Gidaritza batzordeak (COPIL) elkarteei bost gairen inguruan elkarrekin lan egiteko proposamena egin zien. Orduko hartan, elkarteen gehiengoa Larrungo berrantolaketa proiekturako gogoetan parte hartu ahal izateaz kontent agertu ziren. 

Elkar aditze horretarako sei tailer iragarri ziren, elkarlan dinamika bati ateak idekiz. Alta, gerora gauzak konplikatu direla dirudi. Joan den apirilaren 30ean egindako lehen tailerrean, proiektuaz arduratzen den Andueza-Agor kabineteak 104 proposamen jaso zituen. Larrun Ez Hunki kolektiboaren arabera, ordutik hona isiltasun osoa nagusitu da. Bigarren tailer baterako edo haien proposamenek erantzun bat ukaiteko zain diren elkarteak pazientzia galtzen hasiak dira. 

Gauzak horrela, kolektiboak erreakzionatzea eta Departamenduari publikoki presioa egitea deliberatu du, elkar aditzerako borondate eza salatzeko. Elkarteek haien ahotsa entzuna izatea nahi dute, bereziki Andueza-Agor kabineteak proiektu berria irailean bukatzeko engaiamendua hartua lukeelako.