Kazeta

Aplikazio bat Lapurdiko hondartzetako baldintzak jakiteko

Euskal Elkargoak Kalilo izeneko aplikazioa sortu du, Lapurdiko hondartza guzietan bainua hartzeko egoera zein den jakiteko. Baliabide honen bidez, uraren kalitatea, banderen kolorea, zaintza tenoreak edo aroaren nondik norakoak ezagutu ahalko dira.

Iazko ekainetik hondartzetako uraren kalitatearen ardura Euskal Elkargoaren esku da.
Iazko ekainetik hondartzetako uraren kalitatearen ardura Euskal Elkargoaren esku da.

Lapurdi kostaldeko hondartzetan eta Senpereko aintziran bainua hartzeko baldintzak errazki ezagutaraztea da Euskal Elkargoak eta leku horietako Herriko Etxeek ekainaren 4an plantan eman zuten aplikazioaren xedea.

Kalilo izeneko baliabideak hondartza idekia edo hetsi den jakin daiteke. Zehazki, bainurako uraren kalitatearen berri emanen du, eta baita itsasoaren egoera jakiteko banderaren kolorea, sorosleen ordutegiak, aroaren baldintzak edo bestelako zerbitzuak ere. Informazioa egunean zehar arraberritzen da.

Kostaldeko zenbait lekutan uraren kalitatea arazo bat izan da urteetan eta usu bainua debekatzen dute arrazoi horren ondorioz. Aurten jadaneko gertatu denez, instituzioek iazko kopuruak ekarri nahi izan dituzte gogora, normaltasun bat erakusteko. 2018an uraren kalitatea ezarritako neurrien barnean egon zen udako epearen %91ean. Ekaina izaten da hondartzak hesteko hilabeterik ohikoena, kopuru osoaren %50 baino gehiagorekin. Uztailean %30koa izaten delarik.

Kalilo aplikazioa urririk da eta euskaraz, frantsesez, gazteleraz edo ingelesez jaitsi daiteke hemen klikatuz.