Kazeta

Adineko pertsonak kirolari lotuak

Adina beti ez da kirola egiteko oztopo. Ekainaren 29an euskal kostaldeko bederatzi Ehpad etxeetako 180 bizitzailek Olinpiar Jokoetan parte hartuko dute, errugbian, saskibaloian, ping-pongan eta arku jaurtiketan.

Tailer hauetan arku jaurtiketa da adinekoek lantzen duten kiroletako bat. @Lacaze64mll
Tailer hauetan arku jaurtiketa da adinekoek lantzen duten kiroletako bat. @Lacaze64mll

Heldu den larunbatean, ekainaren 29an, kostaldeko 180 kirolari Baionako Florida gunean elkartuko dira inter-Ehpad Olinpiar Jokoetan parte hartzeko. Adineko etxe bakoitzean beren koloreak eta ereserkia prest dituzte desfilerako. Tailer hauek, atal fisikoaz gain, elkartasuna, elkartrukatzea, harreman soziala eta komunikazioa ere dute xede.

Lehen seihilekoan tailer hauetan euskal kostaldeko bederatzi Ehpad etxe parte hartzen ari badira ere, urteko bigarren erdian barnealdeko beste zortzik esperientzia berri honi helduko diote. Astero jokatuz, 20 asteko iraupena du tailer bakoitzak. Kostaldeko parte hartzaileen bataz besteko adina 87 urtekoa da. Ekainaren 29an guziak batera arituko dira Baionan.

“Instalazioetako 62 langile iraunkorretatik lau gizonek eta hogeita lau emaztek saio hauetan parte hartzen dute ostegunero”, azaldu dute Marie-Laure Lacaze Baionako Osteyz etxeko zuzendariak eta Euskal Herriko Ehpad sareko presidenteak eta Nadege Darbon 36 egitura barne hartzen dituen sareko koordinatzaileak.

Euskal Herriko Ehpad sareak egokituriko kirol aktibitateak proposatu eta proiektua onartua izan zen, nahiz eta zenbateko laguntza ukanen duten ez jakin. “Memento bakoitzak prebentzio eta autonomiarako helburu bat du”, dio Lacazek. “Saskibaloiarekin besoaren mugimendua lantzen dugu eta ondorioz, janzteko eta eranzteko autonomia ere. Errugbiarekin, baloia gibelera pasatzen da aldakaren mugimenduarekin, ohetik altxatzen garen gisan... Ez gara nolanahi ari, bi profesional ditugu gure proiektuan”, nabarmendu du presidenteak. “Jarraitzea nahi genukeen abentura ederra da hau”.