Kazeta

Josu Urrutikoetxea aske utzi eta poliziak berehala atxilotu du berriz

ETA erakundeko kide ohia kontrol judizialpean aske uztea deliberatu zuten epaileek asteazken goizean, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak galdegindako euro agindu baten ondorioz, La Santé presondegiko atarian berriz atxilotu zuen Barne Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak (DGSI).

Pariseko Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea aske uztea erabaki zuen, berriz atxilotua izan aitzin.
Pariseko Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea aske uztea erabaki zuen, berriz atxilotua izan aitzin.

Josu Urrutikoetxea joan den maiatzaren 16an atxilotu zuten Sallanches herrian, Savoia Garaian. Atzo, ekainaren 19an euskal militanteak bere kartzelatzeari jarritako helegitea aztertu zuen Pariseko Dei Auzitegiak eta epaileek ugaotarra kontrol judizialpean aske uztea deliberatu zuten. Frantziar estatutik ateratzeko debekua ezarri zioten, astean behin Pariseko komisaria batera sinatzera joateko betebeharrarekin.

Bake prozesuaren aldeko aktoreek hastapeneko erabakia baikorki agurtu bazuten ere, Espainiaratze eskaera baten ondorioz, askatzeko mementoan poliziak berekin atxiloturik eraman zuen Josu Urrutikoetxea. EFE espainiar berri agentziaren arabera 48 orenetan gauzatzekoa da aginduaren jakinarazpena eta Urrutikoetxea Dei Auzitegira eramana izanen da berriz.

Dirudienez, prozedura hori uztailaren 10ean jakinarazi behar zioten, baina Dei Auzitegiak askatzeko erabakia hartu ondotik, Barne Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak (DGSI) esku hartzea erabaki du eta bere egoitzan atxiki dute auzitegira berriz eraman bitartean.

Urrutikoetxearen papera gatazkaren konponbidean

Pariseko Dei Auzitegiko hitzordua baino aste batzuk lehenago Interneten bildutako 5.000 sinadurek eta hainbat pertsonalitate ezagunen artikuluek Josu Urrutikoetxea aske uzteko aldarrikapena jaso zuten. Horien artean da trantsiziozko justiziaren aldeko Louis Joinet epaile ohia eta François Mitteranden aholkulari izandakoa. Auzi saioan euskal militantea bere etxean aterpetzeko prest zela adierazi zuen, epaileentzat berme gisa aurkeztuz. 

Abokatu orokorrak ez zuen begi onez ikusi proposamena. ETAko kide ohiaren ibilbidea ekarri nahi izan zuen gogora eta baita frantziar Estatuan dituen hiru zigorrak ere. “Hamarkada bat baino gehiago egon da klandestinitatean. 1970ean ETAn sartu zen buruzagi historikoa da”, argudiatu nahi zuen bere posizioa defendatzeko. ETAk arma guziak ez dituela entregatu erran zuenean auzitegian zirenen harridura eragin zuen.

Pasquet-Marinacce defentsaren abokatuak auzipeturiko militantea azken 30 urteetan bakearen alde lanean aritu izan dela nabarmendu zuen: “Urrutikoetxeak gatazkari aterabide baketsua emateko 80ko hamarkadaren bukaeratik izan diren elkarrizketa guzietan parte hartu zuen. Aljerren, Genevan eta Oslon paper aktibo eta zentrala ukan zuen”. Laure Heinich abokatua ere epaileei zuzendu zitzaien segidan: “Zergatik eskatzen diogu negoziatu dezan? Zergatik ETAren azken adierazpena irakurtzeko? Bere hitzak sinesgarritasuna duelako, badakigu bere erranak errespetatuak izanen direla”. 

Osasun arazoak eta kartzela, bateraezinak

Argudio politikoez gain, 68 urteko militantearen osasun arazoak ere eztabaidagai izan ziren. “Nire atxiloketa aitzin Sallancheseko larrialdietan bi egun eman nituen, aste horretan 8 kilo galdu ondotik. Medikuak erran zidan berantenez hilabete horren hondarrean ebakuntza egin beharko zidatela. Hilabetea jadaneko pasa da”, ohartarazi zuen Josu Urrutikoetxea berak frantses garbian. Prokuradoreak argudioa errefusatu zuen berehala, atxiloketa eta osasun egoera bateragarriak zirela erranez. Azkenean, epaileek kontrakoa erabaki zuten.

Aske uzteko albistea jakin bezain laster, Egoitz Urrutikoetxeak adierazi zuen beretzat eta haren senideentzat ez ezik, euskal, espainiar eta frantziar jendarteentzat albiste ona zela, “oinarri sendoak ezartzen dituelako Euskal Herrian agertoki baten eraikuntzan urratsak emateko”.

Josu Urrutikoetxearen semeak erran zuenez, familiaren lehentasuna medikuarengana joatea eta beharrezko arreta izatea da, bereziki egin behar zioten ebakuntza “ahalik eta azkarren eta baldintza onenetan egin diezaioten”. Alta, arratsaldeko atxiloketaren ondotik, Josu Urrutikoetxea ezingo dute medikuek artatu.

EH Bai eta EH Bildu: “erabaki ulergaitza”

Euskal militantea aske uzteko goizeko deliberoa jakin eta, EH Baik eta EH Bilduk agiri bateratua kaleratu zuten baikorki jaso zutela adierazteko. Frantziar Gobernuari zuzendu zitzaizkion bake prozesuaren ildotik urrats gehiago egin ditzan exijitzeko. Horien artean aipatu zituzten ondoko asteetan erabakiko diren Lorentxa Beyrie eta Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasun auziak, eri diren presoen askatzea edota preso guziak hurbilduak izatea.

Arratsaldeko azken berrien ondotik, haatik, mugimendu abertzaleak beste agiri bateratu bat kaleratu zuen atxiloketarengatik bere haserrea adieraziz eta erabakia ulergaitzat joz. Bi estatuei zuzendurik, euro agindua bertan behera utzi eta Urrutikoetxea berehala aske uzteko aldarrikatu zuten.