Kazeta

“San Juan baleontzia” ezagutzeko parada Biarritzen

Ekainaren 20tik uztailaren 27ra arte Ternuan hondoratu zen Pasaiako baleontziari buruzko erakusketa ikusgai izanen da mediatekan. Hainbat mintzaldi eta haurrentzako irakurketa ere izanen dira itsasoa eta balea ardatz izanen dituen eskaintzan.

San Juan baleontziaren erreplikaren maketa Biarritzeko mediatekara ekarriko dute. @albaola
San Juan baleontziaren erreplikaren maketa Biarritzeko mediatekara ekarriko dute. @albaola

San Juan baleontzia 1565ean hondoratu zen Ternuan, Kanadako itsasoan, Labrador lurraldeko Saddle uharteditik hurbil. 1563an eraiki zuten Pasaian, urperatu baino bi urte aitzin besterik ez. Pasaian kokaturik den Albaola Itsas Kultur Faktoriak baleontzia berregiteari ekin zion duela zenbait urte, balearen arrantzan euskaldunen historia berreskuratzeko egitasmo orokorrago baten baitan.

Itsasoa, balea eta zehazkiago San Juan baleontziaren inguruko erakusketa antolatu du Biarritzeko mediatekak, Albaolarekin lankidetzan. Ekainaren 20tik uztailaren 27ra bisitatu ahalko da eta estreinaldia ekainaren 22an larunbatarekin iragarria da. Arratsaldeko 16:00etan Albaolako arduraduna den Mikel Leozek “San Juan baleontzia atzo eta gaur” mintzaldia eskainiko du eta oren bat berantago erakusketaren bisita gidatua eginen da.

Beste bi mintzaldi ere proposatu ditu Biarritzeko mediatekak. Batetik, uztailaren 18an arratsaldeko 18:00etan Jon Maia bertsolari eta idazleak bere ezagutzak kontatuko ditu. Gogora ekartzekoa da zumaiarrak beste bost lagunekin Ternuaraino itsas espedizioa egin zuela Apaizac Obeto proiektuaren barnean. Espedizio honen xedea Euskal Herriko baleazaleek XVI eta XVII. mendean Ternuan eta San Laurendi ibaian utzitako arrastoak berreskuratzea zen. 

Uztailaren 26an Mikel Leoz bera Albaolari buruz mintzatuko da 18:00etatik landa. Itsas Kultur Faktorian  baleontzia eraikitzeaz gain, ontzigintza eta nabigazio eskolak badira, eta baita heziketa eskaintza ere. Justuki, mediatekak uztailaren 10ean goizeko 10:30ean haurrentzako irakurketa eskainiko du, euskaraz.