Kazeta

Irakaskuntza elebiduna bere historiaren bidegurutzean

Ikas-Bi Jean-René Etchegarayrekin bildu zen ekainaren 12an. Haien arabera, Euskal Elkargoko lehendakariarekin aurrekaririk gabeko iniziatiba hartzeko prest litzateke. Bere aldetik, irakaskuntza publiko elebiduneko burasoen elkartea heldu den uztailean mobilizazio bat egitearen aukera aztertzen ari da.

Ikas-Bik liburuxka bat argitaratu du burasoak irakaskuntza elebidunaz sentsibiliatzeko. © Guillaume FAUVEAU
Ikas-Bik liburuxka bat argitaratu du burasoak irakaskuntza elebidunaz sentsibiliatzeko. © Guillaume FAUVEAU

Thierry Delobel Ikas-Biko presidenteak albiste onak eta txarrak daudela erran du. Lehenari dagokionez, inkesta batek erakutsi du burasoek irakaskuntza elebidunarekiko duela bi urte baino konfiantza gehiago dutela. Frantziako Gobernuak bere jarrerari eustea da albiste txarra.

Jarrera “ideologiko eta politikoek” ez dute zerikusirik logika pedagogikoarekin, dio Delobelek. “Lehen aldia da posizio hau hartzen duen gobernu baten aitzinean garela”, kritikatu du. Goitik datozen kezkatzeko moduko seinaleek agerian uzten dute “irakaskuntza elebiduna bere historiaren bidegurutze batean dagoela”.

Alta, urtez urte ikasleen kopurua emendatzen ari da. “Sistema elebidunak emaitza bikainak ematen ditu, bikaintasun eredu bat gara”, dio harrotasunez elkarteko presidenteak. Baina 2019ko irailean, eskolek ikasle kopuru handiagoa izanen dute. Oinarrizko hezkuntzan ezartzen den 22 ikasleko muga eta ama-eskolako 25ekoa bederatzi eskoletan gainditua izanen da. Hori dela eta, Ikas-Bik Ainhoako eskolan euskarazko lanpostu erdi bat mantentzea galdegiten du eta Ahatsa-Mendibekoan berriz, frantsesezkoa.

Donamartiri- Donoztirin, Itsasun, Beskoitzen, Baionan, Arrangoitzen eta Ziburun ere lanpostu erdi bat galdegiten du elkarteak. Beraz, Ikas-Bik euskarazko irakaskuntzari eskainitako esperimentazioa mantentzea eta garatzea aldarrikatzen du.

“Gure etxean gara”

Ekainaren 12an Ikas-Biko kideak Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariarekin bildu ziren. Thierry Delobelen aitzinatu duenez, “agintean direnak interpelatzeko aurrekaririk gabeko ekimena hartuko du”, nahiz eta ez duen xehetasun gehiagorik eman. Etchegarayk berak baieztatu du Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteari gutun bat idatziko diola, Blanquer eta Gouralt ministroei bidali zizkienak erantzunik gabe gelditu ondotik.

Gisa berean, Elkargoko lehendakariak agorrilean Biarritzen eginen den G7 gailurra profitatu nahi du irakaskuntza elebiduneko eskaerak zuzenean eta pertsonalki estatuburuari presentatzeko. “Jean-René Etchegarayk erran zuen bezala, gure etxean gara, Euskal Herria erakutsiko diogu eta baita nola lan egiten dugun ere”, adierazi du irriño batez Ikas-Biko koordinatzailea den Agnes Izagirrek.

Mobilizazio posible bati buruz, Thierry Delobelek ez du xehetasunik eman nahi izan, baina uztailaren 2an Euskararen Erakunde Publikoak eginen duen biltzar nagusiaren erreferentzia aipatu du mobilizazio baterako aukerari ateak idekita uzteko.