Kazeta

Europar hauteskundeak: Ipar Euskal Herrian Macronen alderdia nagusi

Maiatzaren 26ko europar parlamenturako hauteskundeetan Ipar Euskal Herriak Frantziar Estatuarekin alderaturik ezberdin bozkatu du. La République en Marche izan da garaile, Europe Ecologie Les Verts bigarren indarra izan delarik. Frantzian nagusitu den Marine Le Penen Rassemblement Nationalek hirugarren postua eskuratu du.

Pernando Barrena abertzaleak EH Bildu ordezkatuko du Bruselan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Pernando Barrena abertzaleak EH Bildu ordezkatuko du Bruselan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ipar Euskal Herrian Emmanuel Macronen La République en Marche alderdiak lortu ditu bozka gehien maiatzaren 26an. Orotara 30.116 herritarrek eman diote botoa (%25,75). Bigarren lekuan Europe Ecologie ageri da eta hirugarrenean, Frantziar Estatu mailan garaipena ospatu ahal izan duen Marine Le Penen eskuin muturreko alderdia.

Hauteskunde hauetan sorpresa ekologistek eman dute, bereziki Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan. Sophie Bussière eta Lucien Betbeder euskal herritarrak ageri diren Régions et Peuples Solidaires mugimenduaren zerrendak botoen %16,56 eskuratu du, 19.368 orotara. 2014an laugarren indarra izan zen 11.966 botorekin, UMP (21.320), Front National (13.968) eta alderdi sozialistaren (12.507) gibelean kokaturik.

Oraingoan ekologistak Baigorrin nagusitu dira bozken %25,28 lortuz, baita Izuran eta beste hogei bat herritan ere. Itsasun (%24,63) eta Donibane Lohizunen ere (%15,19) azpimarratzeko moduko emaitzak lortu dituzte. Emendatze honen arrazoietako bat EH Bai eta PNB alderdi abertzaleek zerrendarik ez aurkeztu izana izan daiteke.

Baionatik Hendaiara, Lapurdiko kostaldean sailkapena berdina da. Les Républicains laugarren indarra izan da, Baionan eta Hendaian izan ezik, bertan alderdi sozialistak lortu baitu postu hori. Gainerakoan, LREM, Europe Ecologie eta le Rassemblement National alderdiak ordena horretan kokatu dira.

Eskuin muturra gora

Hiru herrialdeetan Rassemblement Nationalek botoen %14,86 lortu du (17.383 boto-paper). Heletan, Bidaxunen, Urketan, Suhuskunen eta Lakarran lehen indarra izanik gainera. Senperen (%19,14), Kanbon (%18,6), Hazparnen (%17,42) eta Larrañen (%18,42) urrats bat egin du aitzina. Herri hauetan bigarren indarra izan da LREM nagusitu ondotik.

Eskuin muturrak ez bezala, Les Républicains alderdiak 10.542 botorekin Ipar Euskal Herrian Frantzia mailan baino emaitza hobeak eskuratu ditu (%9,01). Berdin gertatu da alderdi sozialistarekin (%7,57 edo 8.856 bozka). La France Insoumisek behera egin du, %5,57 eskuraturik (6.513) eta Génération.s alderdiak %3,58eko babesa izan du, 4.183 bozkarekin.

Maule izan da mapa ezberdina erakutsi duena, alderdi komunistak bigarren lekua lortu baitu (%13,44), Rassemblement National (%11,63) gibelean utziz. Behauzen Les Républicains gailendu da, non Didier Irigoin auzapeza ere hautagai baitzen. Donapaleun bigarren indarra izan dira botoen %15,98 lorturik.

Frantziar Estatuan

Europar parlamenturako hauteskunde hauetan Marine Le Penen eskuin muturra izan da garailea botoen %23,3 lortuz, 2014an baino puntu eta erdi gutiagorekin (%24,86). Segidan Emmanuel Macronen alderdiaren zerrenda (%22,1), Europe Ecologie (%13,1), Les Républicains (%8,4), La France Insoumise (%6,6) eta alderdi sozialista (%6,6) gelditu dira. Emaitza hauek sozialistentzat txarragoak izan zitezkeen bitartean, kolpea Jean-Luc Melenchonen alderdiak hartu du.

Parte hartzea azken 24 urteetako altuena izan da, nahiz eta %51,3koa izan. Hots, Frantziar Estatuan soilik hautesleen erdia inguruk bozkatu du.

Bi abertzale Bruselara

Hego Euskal Herrian europar parlamenturako bozek bat egin zuten udal eta foru hauteskundeekin. Hau izan daiteke 2014an baino 18,42 puntuko partaidetza altuagoa izatearen arrazoietako bat, %64,25ak eman baitu bozka. EH Bilduk eta PNVk eurodiputatua lortu dute, aitzineko legealdian bezala.

Orain Errepublikak koalizioaren izenean Pernando Barrena nafarra (EH Bildu), Oriol Junqueras (Esquerra Republicana) preso politiko katalanarekin eta Ana Miranda (Bloque Nacionalista Galego) galiziarrarekin batera jarriko da parlamentuan. Espainiar Estatuan botoen %5,6 lortu dute, milioitik gora bozka eskuratuz. Aliantza honetara Kanariar Uharteetako, Asturiaseko eta Aragoiko indarrak ere batu dira. PNVko Izaskun Bilbao ere berriz joanen da Bruselara, Europa Solidarioaren Koalizioaren (Ceus) izenean aurkeztu ondotik, botoen %2,7 lorturik.

Espainiar Estatuan apirilaren 28an iragan hauteskunde orokorretako tendentzia mantendu da: PSOE PPri nagusitu zaio. %32,82 lorturik, 20 diputatu lortu ditu, 2014an baino sei gehiago. PPk 12 diputatu izanen ditu, bi gutiago, botoen %20,11 eskuraturik. Ciudadanos da hirugarren, 7 diputaturekin (%12,22) eta Podemos-IUk 6 ordezkari izan ditu (%10,07). Eskuin muturreko Vox alderdia lehenengoz jarriko da Bruselan 3 diputaturekin (%6,22) eta erbestean den Carles Puigdemont presidente katalana ere hautatua izan da botoen %4,65 lorturik. 2 ordezkari izanen ditu Katalunian nagusitu den bere zerrendak.