Kazeta

Haserrea laborantza eskola pribatuko irakasleen artean

Laborantza irakaskuntza pribatuko irakasleen egoeraz alarma piztu du FEP-CFDT-k. Formazio eta irakaskuntza pribatuko sindikatuak gogoeta eta ekintza egun bat antolatu du maiatzaren 22an Hazparneko Armand David lizeoan.

Gogoetaldiak eta ekintzak Hazparneko Armand David lizeoan eginen dira. ©LycéeArmandDavid
Gogoetaldiak eta ekintzak Hazparneko Armand David lizeoan eginen dira. ©LycéeArmandDavid

Lanbiderako perspektiba falta, soldata ez nahikoak edota Hezkunde Nazionalarekiko zubien gabeziaren ondorioz, FEP-CFDT-k laborantza irakaskuntza pribatuko egoera onartezina dela uste du. Hori dela eta, maiatzaren 22rako mobilizaziorako deia luzatu du.

12:30ean Akitania Berria eskualdeko laborantza eskoletako 20 irakasleren presentziarekin prentsa agerraldia eginen dute. Hautetsiak eta instituzioetako ordezkariak ere gomitatu dituzte. 14:30ean laborantza irakaskuntzaren eta formazioaren etorkizunaz zein desafioez mahai ingurua eginen dute, hiru ardatz nagusiren gainean eztabaidatzeko: lanbiderako sarbidea eta laguntzaren kultura, laborantza irakaskuntza pribatuaren erakargarritasuna eta ibilbidearen eta publikoaren mistotasunaren galdekatzea.

Urtean 50.000 dira formatzen dituzten ikasleak, baina FEP-CFDT-ren arabera, horretarako diren 5.000 irakasleek lan baldintza eskasak pairatu behar dituzte. Egoera hori konpontzeko, kanpo laguntzaren emendatzea eta lanbidearen baldintzak betetzeko irakasleen formazio iraunkorra galdegiten dute.

3. kategoria gisa ezagunak diren irakaskuntza laguntzaileak dira lan baldintza txarrenak dituztenak. Langileen herena ordezkatzen dute eta eskasak dira lanbidean dituzten perspektibak. Beste kategorietako lankideen aldean soldata apalagoak, garapen profesional eza eta formazio falta lirateke baldintza txarren atal nagusiak.