Saran burutu lehen edizioaren ondotik, aurten Ainhoako herriak hartuko du Herri Haitadaren lekukoa. Hitzordua maiatzaren 18an emana da. Egun horren bidez, Sara, Urdazubi, Zugarramurdi, Etxalar, Bera eta Ainhoako herrien arteko harremanak azkartzea eta euskara sustatzea dute helburu nagusia.
Herrien arteko lehia segurtatua da, 12 desafio plantan emanak izan baitira: oinezko lasterketa, mendi bizikleta, pilota, sukaldaritza, dantzak, bertsuak, euskal jokoak... Herri bakoitzak 40 laguneko talde mistoa eta adin guzietakoa osatu behar du desafioetan parte hartzeko. Probak goizeko 8:15ean hasiko dira eta egun osoan luzatu, arratseko 19:00etan bukatzeko.
Ondotik, indarrak biltzeko eta sei herrietako jendeen artean memento on bat pasatzeko afaria izanen da. Bertsolariek alaituko dute, Los Botxeros taldearen kontzertuari bide eman aitzin.