Kazeta

“Soinujolearen semea” Ipar Euskal Herriko zinema geletan ikusgai

Bernardo Atxagaren eleberrian oinarriturik, Fernando Bernuesek zuzenduriko filma maiatzaren 6ik 16ra emanen da Ipar Euskal Herriko hamar zinema geletan.

Gastibeltzak maiatzaren 2an aurkeztu zuen "Soinujolearen semea".
Gastibeltzak maiatzaren 2an aurkeztu zuen "Soinujolearen semea".

Maiatzaren 6tik aitzina Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskarazko beste film luze bat ikusiko ahalko da Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen eskutik. “Soinujolearen semea” Bernardo Atxaga idazle asteasuarraren izen bereko eleberrian oinarritzen da eta Fernando Berrnuesek zuzendua da.

Filma Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako gatazkaren testuinguruan kokatzen da. David Imazek 70eko hamarkadan Euskal Herritik ihes egin behar izaten du bere ingurukoek traidoretzat hartzen dutelako. Kalifornian zoriontasuna aurkituko badu ere, bere iraganak zama izaten jarraituko du eta bizitzako azken egunak ezingo ditu lasai pasa. Bere umetako lagun Joseba Altuna azken agurra ematera doanean, aspaldiko kontuak argitzeari ekiten diote, egiari aurrez aurre begira jarriz.

Fernando Bernuesen hitzetan, filma ez da kontakizun historizista bat, “sentimenduetan jartzen baitu indarra Soinujolearen semeak”. Zuzendari donostiarrak antzerkian, zineman eta telebistan ibilbide luzea du eta besteak beste, “Kutsidazu bidea, Ixabel” eta “Mugaldekoak” filmak zuzendu izan ditu.

Ipar Euskal Herrian proiektatu den egunetan, Bernuesen eta hainbat aktoreren presentzia ziurtatuko da. Biarritzeko maiatzaren 16ko hitzordua berriz, berezia izanen da, filma eman aitzin Bernardo Atxagak arratsaldeko 18:00etan hitzaldia eskainiko baitu. 

Emanaldien egutegia

- Maiatzak 6: Donibane Lohizunen, Le Sélect zinema-gelan, 20:30ean, Fernando Bernués eta Mireia Gabilondoren presentziarekin.

- Maiatzak 7: Hendaian, Les Variétés zinema-gelan, 20:30ean, Fernando Bernués eta Mireia Gabilondorekin.

- Maiatzak 8: Maulen, Maule-Baitha zinema-gelan, 20:30ean.

- Maiatzak 9: Donapaleun, Saint-Louis zinema-gelan, 20:30ean, Iñaki Rekarterekin.

- Maiatzak 10: Urruñan, Itsas Mendi zinema-gelan, 20:00etan, Bingen Elortza aktorearekin.

- Maiatzak 13: Kanbon, L’Aiglon zinema-gelan, 20:30ean, Patxo Telleria gidoilariarekin. 

- Maiatzak 14: Donibane Garazin, Le Vauban zinema-gelan, 20:30ean, Bingen Elortza aktorearekin.

- Maiatzak 15: Hazparnen, Haritz Barne zinema-gelan, 21:00etan, Bingen Elortza aktorearekin.

- Maiatzak 16: Biarritzen, Le Royal zinema-gelan, 20:45ean, Bernardo Atxagaren presentziarekin.