Egoitz URRUTIKOETXEA

Herri harresi desobedientea

IRITZIA- ETA erakundearen disoluzioaren lehen urtemugaren karietara, gaur egungo egoeraz eta batez ere etorkizuneko erronkaz hausnartu du Egoitz Urrutikoetxeak.

Egoitz Urrutikoetxea
Egoitz Urrutikoetxea

2018ko maiatzaren 3an Euskadi Ta Askatasuna erakundeak hirurogoi urteko ibilbidearen ondotik bere desegitearen berri eman zuen. ETA erakundearen erabakiak Euskal Herriko historia garaikidearen orrialde bat hesten zuen. Hots, bortizkeria politikoaren erabilerak ezaugarritu duen ziklo politikoa bururatutzat jo eta berri bati bidea zabaltzen zion.

Herrian urtzeko erabakiaren iturburuan ezer baino lehen borroka baliabideen sakoneko gogoeta aurkitzen dela ekarri behar dugu gogora. Hamarkada luzeetan euskal gogoa piztu eta eskenatoki berriak eragiteko gai izan zen borroka tresnaren ondorioak ezkorrak bilakatzen hasiak ziren Euskal Herria askatzeko bidean. Estatuen bortizkeriaren monopolioari aurre egiteko estrategiaren mugak gero eta agerikoagoak ziren. Joko zelai horretan Estatuak guziz eroso ziren eta neurria hartua zuen. Bortizkeriaren erabilerak Estatuen posizioa indartzen zuen, eta indar metaketarako aukerak mugatzen zituen.

Hortaz, Euskal Herriari, jendarteari zuzendurik zegoen erabakia. Ezker abertzalearen estrategia aldaketak prozesu askatzailea berezaugarritzea izan du helburu: joko zelai berri bat eraikitzea, joko arau berriekin, non Estatuak deseroso aurkituko diren. Bide hortarik herri bezala aurrera egiteko baldintza berriak sortu nahi izan dira.

Estatuen jarrerak ez du lagundu fase berrira nahi bezain azkar egokitzen. Izan ere, ziklo bat aldebakarrez itxi baldin bada ere, Estatuek ez diote bortizkeria erabiltzeari uko egin.

Konfrontazio mota baten desagertzeak ez du gatazkaren indargabetzea adierazten, alderantziz baizik. Estatuekin indar harreman eraginkorragoa dugu eraiki behar, Estatuen legalitate hertsatzaileei aurre egiteko herri harresiak altxatuz, herri zilegitasuna antolatuz.

Konfrontazio demokratikoak ezaugarritzen duen joko zelai berria dugu eraikitzeke. Herri desobedientzian oinarritzen diren borroka bideak berpiztea da ondoko aste eta hilabeteetan dugun erronka nagusia. Estatuek legezkotasunaren mozorropean bideratzen dituzten erasoei desobedientzian oinarritzen diren ekintza zuzenekin erantzutea dagokigu.

Eztabaida hau, hain segur ere, Frantziako tentsio eta gatazka ekuazioa Euskal Herrira ekartzeko entseguak gertatzen ari diren memento berean garatu beharko dugu. Horregatik da sekulan baino beharrezkoagoa iraganean Euskal Herrian bizi izan dugun fasetik ondorio guziak ateratzea. Eta aurrera bidean, Estatuen posizioa indartuko duten ekimenen parean, borroka ikuspegian oinarritzen den bide eraginkor bat abiatzea. Herritik eta herriarentzat. Herri harresi desobedienteak eraikiz.