Kazeta

“Lan ttipi batetik bestera ibili naiz”

Cecile Marçaak ingeniaritzan aritzen den Xiberoko Elkar enpresan egiten du lan. Ibilbide luzea egin du herrialdean bere gaitasunei egokituriko lanbide bat aurkitzeko.

Cecile Marçaa, Elkarreko bere lanpostuan.
Cecile Marçaa, Elkarreko bere lanpostuan.

Kontrolatzaile dimentsional eta tridimentsional lanpostu bat duzu...

Hastapen batean lurreko armadan sartu nahi nuen. Lizeoan ez nekien zer formaziorekin jarraitu. Orduko hartan Bordeleko igerilekuko zuzendari teknikoa zen nire aitak bultzaturik, Bordeleko lizeo teknikoan sartu nintzen eta ondotik, nire ikasketak Xiberoko eskolan segitu nituen, Sohütan, bertan BAC STI gaindituz. Ondotik, BTS mikro-teknikan hasi nintzen 2000n eskuratu nuen eskola berean. Barnetegi batean nintzen. Asteburuetan nire burasoekin egoten nintzen Biarnon mantendu zuten etxe ttipi batean edo nire ttanttaren etxean. Arrazoi pertsonalengatik, Tolosara joan nintzen, bertan bost urte eman nituelarik. Horren ondotik formazio osagarri bat egin nuen, CQPM bat, Neversen egin nuen kalitatezko teknikari agiri bat. Urtebeteko formazioa. Baina formazioan nengoen enpresak ez ninduen lanean atxiki.

Formazioa bukatu eta, lanik aurkitu al zenuen?

Eskualdera itzuli nintzen. Eta berez zailtasunak ukan nituen. Arlo teknikoan ez nuen fitsik topatu eta lan ttipi batetik beste batera ibili nintzen. Azkenean, saltegi handi bateko harrerako langile bilakatu nintzen. Sei urte egin nituen bertan eta bitartean bi haur ukan genituen. Orain sei eta hiru urte dituzte. Baina ordutegia eta asteburuko lana ez dira beti familiarekin eta haut ttipiekin bateragarriak. Beste zerbaiten bila hasi nintzen.

Lanpostu tekniko batera itzultzea pentsatu al zenuen?

Urrun ziren nire hastapeneko formazioak. Banekien gaurkotze baten beharra nuela. Edo formazio osagarriren bat. Baina ez nekien argibideak non aurkitu. Pole Emploik ez zuen erantzuten jakin izan. Lagun bat formazio alternatibo bati buruz mintzatu zitzaidan, CQPM bat, kontrolatzaile dimentsional eta tridimentsional gisara aritzeko. Metalurgiako industria eta lanbideen Aturriko batasuneko formazio gunearekin, CFAI Adour-UIMM-arekin. Azterketak pasa nituen. Baina irailean hasi ahal izateko, enpresa bat aurkitu behar nuen.

Erraza izan al zen aurkitzea?

Petizio ainitz bidali nituen. Hastapenean arrakastarik gabe. Berrabiatzeak egin nituen eta Elkarrekin kontaktua egin nuenean, erantzun baikorra eman zidaten. Formazioak ikasturte bat iraun zuen, urritik uztailera, Assaten. Azken azterketa gainditu nuen eta kalifikazioa lortu. Elkarrek kontratu mugagabe bat egin zidan. Saltegitik joan egin nintzen, urtebetez soldatarik gabeko geldialdi bat egin ondotik.

Enpresan zein da zure lana?

Nire lan nagusia Safraneko hornitzaileen piezen araberakotasun geometrikoa kontrolatzea da. Dimentsioak, diametroa, loditasuna edo laztasuna egiaztatzea, neurri bakoitzerako neurketa tresnen laguntzarekin. Neurketa hauen ondotik, egin ditudan konstatazioekin txosten bat idazten dut. Hau da lanaren alde dimentsionala. Hau da formazioan bereziki ikasi nuena. Atal tridimentsionalari dagokionez, klasean landu izan dugu, baina nagusiki lanean ikasten dugu. Hemen bezala, kontrolatzaile aditu batekin, ondoko gelan diren kontrol tridimentsionalerako makinekin.