Zokoa Munduan besta kulturala heldu den maiatzaren 1ean ospatuko da Zokoan. Harremanak elkarteak, tokiko hamaika elkarte eta Erlaitzeko ekoizleekin lankidetzan antolatzen duen ekimenak, Euskal Herriko eta munduko herri ezberdinetako kulturen aberastasuna agerraraztea du helburu.
Goizeko hamarretan Lapurdi kostaldeko auzoko frontoian munduko txapeldun izandako pilotarien partidarekin emanen zaio hastapena aurtengo edizioari. Hortik aitzina, askotariko ekitaldiak izanen dira Untxin aparkalekuan. Euskal kirolak, haurrentzat jokoak, kantuak, jatekoak eta edatekoak... Erlaitzeko ekoizleen produktuez gain, Brasileko janaz ere gozatzeko aukera izanen da egunean zehar.
Goizean desfilea eginen dute Hendaiako joaldunek, Ziburu ikastolako joaldun ttipiek eta Kolonbiako Chacaerak, Kuxkuxtu txarangak alaiturik. Capoeira, Amanecer Flamenco, euskal dantzak, Boliviakoak, Son Candela taldea, Maroc Basque Boujalal, Xiberoots reggae taldea, Zézé musika elektronikoa edota The Closh banda ere iragarriak dira egitarauan.
Aurtengo irabaziak Perura
Urtero bezala, besta honetan izanen diren irabaziak karitatezko elkarte bati emanen zaizkio, honek munduan proiektu jakin bat aitzinera eraman dezan. Aurten, Emanik elkartea hautatu dute, Peruko Lima hiriko Campoy auzoan, pobrezian diren eta elbarritasuna duten 50 gazteri eta haien amei formazio profesionala eman ahal izateko. Proiektu honek hiru urteko iraupena izanen du eta bere xedeetako bat da jende horrek jendartean bere lekua ukaiteko aukerak ematea.